Euskal Herriko ikastoletako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen liburu eta ilustratzaileen hauteskunde literarioei deitzen zaie JUUL. Dena den, JUUL kanpaina, ikastola bakoitzak garatzen duen irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko programaren barruan, azken ekintzetariko bat da.
Azken hilabetean, kanpainan buru-belarri murgilduta aritu dira Kurutziaga ikastolako ikasleak: ipuinak entzun gurasoen, irakasleen edota ipuin-kontalariaren ahotik, irakur-lagunei irakurri, norberarentzako irakurri, elkarrekin irakurri, irakurritakoa besteekin partekatu… eta horrela, geletako irakurmetroak gora eta gora!
Irakurtzen ikasteko lanak egiten ditugun arren, azken helburua irakurketa bera bizitzarako eta gozamenerako tresna bilakatzea da, eta bide horretan egiten ditugun ahalegin guztiak ez dira alferrikakoak izango.
Asteazkenean ospatu genituen ikastolan Juul hauteskundeak, HHko 3 urteko ikasleetatik hasi DBH4ko ikasleenganaino. Txikienek ohiko paperezko boto-txartela erabili zuten eta LH 5. mailatik gorakoek boto elektronikoaren sistema erabili zuten. Antolaketa guztiaren atzean LH6ko Juul hauteskunde batzordeko kideak, aurretik karrajuak girotzen eta egunean bertan, botoak biltzen, zenbatzen eta emaitzak plazaratzen.
Balio dezala honek guztiak irakurzaletasunari eta euskal literaturari behar duen bultzada eta hauspoa emateko! Leirek esan zuen bezala, irakurri asko, asko, asko! Eta euskaraz baldin bada, askoz hobe!
Oharra: boto-elektronikoen emaitzak Nafarroako Ikastolen Elkartean zenbatzen direnez, oraindik ez daukagu gure ikastolako bozketa horien emaitzarik. Ikastolen Elkarteko emaitzen berri aurrerago emango dugu.
Hemen duzue JUUL kanpainako hauteskundeen argazki galeria: