Alaitz Atxurra (Covid19 Taldea): “Ikastolan maskara gardenen erabilera debekatzea erabaki dugu”

Alaitz Atxurra Kurutziagako guraso eta Artezkaritza Batzordeko kidea da. Artezkaritzako kide legez parte hartzen du ikastolako Covid-19 taldean. Gaia ez zaio arrotza, administrazio alorrean dihardu-eta, Osakidetzan.

Asteon batu da ikastolako Covid-19 taldea.

Bai. Kontraesankorra badirudi ere, araudi berriak taldeak lau lagunetara murriztu dituenez, ezin izan dut bertan egon. Edozelan ere, jakitun izan naiz uneoro. Izan ere, Ikasturtea hasi denetik koronabirusaren inzidentzia maila altuena bizitzen ari gara momentu honetan, bai ikastolan eta baita Durangon ere.

Zeuk esan duzu, astea hasi denetik Ikastolan ere sumatu da eragina.

Jakina. Konfinamendu indibidualak eragin ditu bai ikaslen eta bai irakasleen artean. Haur Hezkuntzako gela oso bat etxean dago (maskararik erabiltzen ez dutenez, neurriek gela osoari eragiten diote)… Egoera serioa da eta geuk ere halaxe jokatu behar dugu.

Hainbeste zeresan eman duten “maskara gardenen” erabileraz hartu duzue erabakirik, ezta?

Bai. Maskara horiek homologazioa badute baina osasun adituek diote ez direla seguruak eta horregatik ikastolan debekatuta egongo dira musuko gardenak.

Ikastolako komunitateari Covid-19ari aurre egiteko aholkuak gogorarazteko premia ikusi duzue.

Irailetik abendura ikastolan gauzak hasiera batean imajinatuko genukeena baino hobeto joan dira seguruasko. Baina ikastola ez da eremu isolatu bat eta herrian gora doanean gurean ere gora doa. Ikastolatik bidali ditugun jarraibideak betetzeaez da erosoena izango, baina zaila ere ez da. Helduon ardura da gure seme-alabekin pedagogia lan hori egitea eta, zelan ez, eurei eskatzen dieguna geuk ere betetzea.