Kaixo familia,
Badator ikasturte berria eta atzotik gure seme-alabak ikastolan dira jada. Pozik ikusi ditugu ikasturte berriari aurre egiteko. Espero dugu bai ikasleak bai zuek uda ona pasatu izana, merezitako atsedena hartu izana eta indarberrituta egotea irailaren hasiera honetarako.
Langileon partetik ere gauza bera esan dezakegu, gogotsu etorri garela erronka berriei erantzuteko, COVID mugetatik aske. Gai honi, kotxean bezala, atzerako ispiluagaz begiratuko diogu bakarrik, gainditu dugun pasarte bat legez. Orain aurrera begirako pausuak ematea dagokigu, izurriak indartzen lagundu digun elkarzaintza aintzat hartuz.
Udaran egin ditugun hobekuntzen ildo beretik, ekimen berriak ere martxan jarriko ditugu. Gutxika joango gara horiek guztiak azaltzen. Saiatuko gara ekimenak abian jarri orduko buletinaren bitartez denak aurreratzen, buletinari dagokion garrantzia emanez.
Bestetik, ikasturte berriak erronka potoloak ekarriko dizkigu, eta Kurutziagan hausnarketa eta ekarpen sakonak egin beharko ditugu: Hor dugu Hezkuntza Lege berriaren garapena ikasturtean zehar, kezkatzen gaitu egoera demografikoak (beherantz doalako), eta erantzukizunez heldu beharko dugun energia berriztagarrien gaia ere.
Gai horiekin guztiekin batera familien kezkei erantzuten ahaleginduko gara, eguneroko kontuei, detaileen hobekuntzei, horiek ere garrantzitsuak direlako eta eguneroko bizitza hobetzen laguntzen digutelako. Asmatuko dugulakoan gaude.
Ongi etorri ikasturte berrira!