Beste edozein klase egun legez joan ziren Jare Larrea Amezua, Inar Martin Lopez eta Lea Loizate Etxearte ikastolara. Ez zekiten, ordea, bertan Durangoko jaietako txupinazo txikiko pregoilariak izango zirela jakinaraziko zietenik. Domekara begira daude jada, igartzen zaie eguna heltzeko irrikitan daudela. Domekan, 12:00etan hasiko den kalejiraren ostean, txupina jaurtiko dute, 12:30ean.
Urduri domekarako?
Bai, urduri gaude. Pregoia egiteko pozik gaude, baina egunean bertan pentsatzen jarrita, urduri jartzen gara, jende asko egongo baita.
Imajinatu duzue zelan egongo den udaletxeko plaza?
Dena beteta, hori ziur. Espero dugu ondo ordezkatzea ikastola.
Zelan eman zizueten pregoilariak izango zinetenaren berri?
Loizate: Nik klasekideen bitartez jakin nuen. Ikasgelara heldu nintzenean denak aritu ziren horri buruz berba egiten.
Larrea: Gelan geundela irakasleak esan zuen nortzuk izango ginen pregoilariak. Gelako denak hasi ziren “hori trukatuta dago! Zenbat ordaindu dute?” [barrez].
Martin: Niri Jare etorri zitzaidan kontatzera. Lea, bera eta hiruroi tokatu zitzaigula esan zidan, eta nik ez nuen ezer ere ulertzen. Gero Jon Urretabizkaia irakaslea etorri zitzaidan, kontatu zidan eta orduan ulertu nuen dena.
Zer duzue prestatuta domekarako?
Testu bat irakurriko dugu, txandaka. Ez dugu inprobisatuko [barrez].
Zer dira zuentzat San Fausto jaiak?
Durangoko jai garrantzitsuenak dira, herriaren nortasuna plazaratzen da bertan.
Zerbait baduzue begiz jota jaietarako?
Zezen suzkoa, egueneko txupinazoa bera… baina, orohar, jendea jaiez gozatzen ikusi gura dugu, kalerik kale festa egotea. Gero, bada, En Tol Sarmiento, karaokea, Huntza… ikustera joatea gura dugu.
Animatu jendea jaietara.
Hasteko, datozela denak domekan kalejira eta txupinazo txikira. Hortik aurrera, gozatu jaiak, eta ondo portatu! Gora Durangoko jaiak, eta gora Kurutziaga Ikastola!