Iritzia: “Eskola Kirolaren alde. Aupa Kuru!”

Isabel de Blas Buruaga (EHUko irakaslea)

Orain bai… Aupa Kuruuu!

Lagunen arteko mendi-buelta batean piztu zen garra: Eskola Kirolaren egoerarekin zeinen arduratuta gauden komentatzen hasi… eta halaxe eratu genuen eskola kirolari lotutako guraso talde bat, gaia astintzeko asmoz. Ez dugu jakin nora eramango gintuen honek, baina, ekitea hoberena izango zela irudituta, gure txikitasunetik, eskola kirola martxan jartzea hartu dugu ipar eta, bide horretan, gure egonezina plazaratzea, inguruan gaia astintzea, eztabaida sortzea, arlo honetan gobernuak hartu dituen erabakiak zalantzan jartzea eta heldukeria hau mahaigaineratzea. Nola gauzatu, baina, asmo horiek?

“Bestalde, Ikastolan gure manifestua kaleratu ostean, Durangaldeko komunikabideetan ere eman genuen ekimenaren berri, eta eskola-kirolari buruz erabakiak hartzen diren guneetara ere helarazi genuen gure kezka”

Batetik, Kurutziagako Kirol Batzordeko kideekin eta Kiroletako Goialde Elkarteko arduradunarekin harremanetan jarri ginen, sarea sortzeko asmoz; erantzuna oso positiboa izan zen gero; denak elkarlanerako prest! Bestalde, asteroko buletinean “Aupa Kuru!” manifestua plazaratu genuen, Kurutziaga Ikastolako komunitatean gure asmo eta egonezinak zabaltzeko asmoz, eta sarea are eta zabalagoa egiteko. Manifestuaren edukiarekin adostasuna adierazteko sinadura eman dutenetik harago (horrek ere badu garrantzia, noski), Ikastolako 35 familiatako kide banak adierazi digu lanerako prest dagoela. Elkarlanean jardun garenok eskerrak eman nahi dizkiegu hemendik, eta, horrekin batera, gure begirunea adierazi. Momentu honetan helburu nagusia abian dagoenez, ez dugu ekimen berezirik egiteko asmorik. Aurrerago ikusiko dugu gobernuaren erabakiak zer bide egiten duen, eta hartu berri den neurria egonkortzeko indarra egingo dugu, hala behar bada. Edozelan ere, lanerako prest agertu direnek gurekin harremanetan jarri nahi badute, aupakurukirola@gmail.com helbidera idatz ditzatela euren ekimenerako gogo eta ekarpenak!

Bestalde, Ikastolan gure manifestua kaleratu ostean, Durangaldeko komunikabideetan ere eman genuen ekimenaren berri, eta eskola-kirolari buruz erabakiak hartzen diren guneetara ere helarazi genuen gure kezka. Hala, idatzi bat bidali genien Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari. Baita Arartekoari ere. Hiru instituzioen erantzuna jaso dugu: laburbilduz, lehenak esan zigun ez zela bere eskuduntza; bigarrenak, berriz, gure iradokizunak kontuan hartuko zirela urtarrilaren 11ko Dekretua jorratzeko orduan, eta azkenak neurriak legerik urratzen ez duenez, ezin ziola biderik eman.

“Kolektibotasuna klabea da agertokiak eraldatzeko, umeek merezi duten bizitza bizi dezaten. Egungo gizarteak ez die hitzik ematen, eta are gutxiago kolektibo gisa”

Ibilbide laburra daukagu, eta ez dugu jakingo egoera aldatzeko gogoa gorpuzteak zer-nolako eragina duen instituzio hauen erabakietan, horrelako bueltako mezurik inoiz ez baita etortzen. Baina argi dago handik eta hemendik mugitu garen guztiak mugitu izan ez bagina, ez zela aldaketarik egingo. Izan ere, beste ehunka pertsona ibili da eskola kirolaren debekuari aurre egiten. Federazioak ere badabiltza lanean. Zentzu horretan Bultza Kirola Euskadi plataforma indartsu dabil, eta egun 500 kirol erakunde batzen ditu eskola kirola martxan jartzearen alde. Zentzu honetan Ikastolen Elkarteko lehendakariaren aldeko iritzia ere ezagutu dugu egunotan Ikastola aldizkarian plazaratu berri duen artikuluan.

Kolektibotasuna klabea da agertokiak eraldatzeko, umeek merezi duten bizitza bizi dezaten. Egungo gizarteak ez die hitzik ematen, eta are gutxiago kolektibo gisa. Horretarako batu ginen gu modu kolektiboan, erabaki guztiak taldean adostuz, aurrerapausoak egiteko. Behetik gorako bultzadetan parte hartzeak plazer handia ematen du, bereziki emaitza umeen aldekoa denean, bai horixe!