Iritzia. “Erresistentzia gunea”

Leire Bilbao (idazlea)

Gogoan dut Ondarrutik Durangora etorri nintzen lehen aldia. Autobusa hartu eta ia ordubete emango nituen Lea Artibaitik eta Durangalderako bihurguneak jaten. 2000 pezeta nituen boltsikoan eta Liburu eta Azoka zen nire helmuga.

Ondo pentsatua eta erabakia nuen non enplegatu diru hori ere; Joseba Sarrionandiaren “Hnuy illa nyha majah yahoo” poema liburua zuen destinu. Hogeita bost urte pasa dira ordudanik. Erraz esaten da. Nire eskuek ez dute oraino ahaztu liburu haren igurtzia.

Handik gerora hainbat alditan egin dugu Durangorekin mugakide ez garenok gure erromesaldia Euskal Liburu eta Diska Azokaren tenplura. Urteroko zita horretan, lagun zahar eta aspaldikoen aurpegi, azal eta mingainetan denborak zer eta nola idatzi duen entzun eta ikusteko.

Liburuak eta diskak erostea, aitzakia bat besterik ez da urtean zehar liburu denda batean edo bestean erosten dugunontzat. Azokan hitzak erosi nahi ditugu, begirada, keinu konplize, estimu eta besarkadak salerosi gura ditugu. Asmoak eta proiektuak konpartitu nahi ditugu. Editoreekin berbazko kontratuak egin. Taberna batean zarratu paperik gabeko hitzarmenak. Sortzeak eskatzen duen bakardade eta bakartasun hori egun batzuez ahaztu eta katebegi sentitu. Marea, uholde, bitsa atera.

Sortzailea, ordea, ez da ezer hartzailerik gabe. Sortzaileari emateak ematen dio poza. Eta ez du sarritan asko eskatzen. Baina badira gutxieneko batzuk. Marra gorriak, alerta egoerak.

Online izango da aurtengo Azoka, streaming bidez zabalduko zaizkio leihoak kulturari. Erdu durangar eta mugakideok, zatozte Azokara, hurbildu zaitezte. Edo sikeran, sartu burua leihoan.

Hau DA gure erresistentzia gunea.

 

“Hnuy illa nyha majah yahoo” (poemak-1985-1995). Elkar.

Joseba Sarrionandia