HIZPROk eta Euskara taldeak ikasleen arteko euskararen erabileraren azterketa eta hausnarketa egin dute

2022ko urrian, Kurutziaga Ikastolako irakasleek, HIZPRO taldearen proposamenari erantzunez, ikasleen euskararen erabilera eremu informalean (sarrera-irteerak eta jolasaldiak) zein den jakiteko hiztun neurketak egin zituzten. Euskara batzordeak berak, gurasoen artean dagoen erabilerari buruz ere egin du bere azterketa propioa. Irakasleek jasotako datuak bildu eta txosten bat osatu zuen HIZPRO taldeak, emaitzen irakurketa eginez. Emaitza orokorra ez da txarra: esan daiteke gure ikastolan, hamar ikasleetatik zazpik euskaraz egiten dutela. Baina adinean aurrera egin ahala, euskararen erabilera apaltzen doa: DBHko erabilera-datuak esanguratsuak dira, euskararen erabilerak ez du %50eko langa gainditzen.

Azterketa honen emaitzak ikastolan zehar ikusgai agertzen joan ziren otsaila eta martxoan zehar: datuak apurnaka agertu ziren, datu orokorretatik hasi, zehatzagoetara pasatuz, hausnarketarako bidea eskaintzen zuten galderetara iritsi arte: Zergatik gertatzen da hau?, Zerbait egin dezakegu?, Zerbait egin nahi dugu?

Horren ostean, ikasleen euskara batzordeko kideen eskutik, geletara eraman zen hausnarketa hau LH5etik DBH4ra. Astebetez, euskara batzordean parte hartzen duten ikasleak gelaz gela aritu ziren euskararen erabilerari buruzko hausnarketa dinamizatzen, hauxe  da kontatu digutena:

Kurutziaga ikastolako ikasleen euskararen erabilerari buruzko hausnarketak dinamizatu dituzue LH5etik hasi eta DBH 4. mailaraino, zer moduzkoa izan da esperientzia?

Orokorrean, positiboa izan da, ondo hartu gaituzte eta gaia serio hartu dute ideia interesgarriak irten direlarik. Baina esan behar dugu maila edo gela batzuetan ez dela hain erraza izan.

Hiru galderen bueltan dinamizatu dituzue hausnarketa hauek: Zergatik gertatzen da hau?, Zerbait egin dezakegu? eta Zerbait egin nahi dugu? Zeintzuk ideia jaso dituzue galdera hauen inguruan?

Zergatik gertatzen da hau?

Hainbat dira geletan atera diren arrazoiak, baina esan behar dugu gehienak errepikatu egin direla. Askotan atera den ideia izan da nagusitzen garen heinean, erdaraz egiteak “guayago” sentiarazten gaituela. Adinean aurrera, gero eta erdara gehiago entzuten dugula eta gaztelaniaz aritzen ohitzen garenean, gusturago, erosoago eta errazago moldatzen hasten garela hizkuntza horretan, euskaraz aritzeko erraztasuna galduz. 

Inguratzen gaituen munduan gaztelania nagusi dela ere asko aipatu da: telebista, musika, internet, sare sozialak, filmak, bideoak, serieak… Gazteoi gustatzen zaizkigun hainbat gauza erdaraz dira batez ere. Eskola orduetatik kanpo egiten ditugun ekintza asko erdaraz egiten ditugu.

Gaztelania gero eta gehiago nagusitzen ari dela uste dute gure ikastolako gazte askok, status hobea duela. Eta euskara hizkuntza txiki bat izanik, egoera ahulagoan aurkitzen dela honi guztiari aurre egiteko. 

Zerbait egin dezakegu?

Kurutziaga ikastolako ikasleek uste dute euskararen erabilera areagotzeko aukerak badaudela eta gauza asko egin daitezkeela. Gehienek norbanakoaren jarreran jarri dute arreta: gure hizkuntzari balio handiagoa eman beharko genioke, gehiago egin behar dugu euskaraz, ingurukoak euskaraz egitera animatu eta bultzatu behar ditugu, ez dakitenei erakutsi, gure hizkuntz jarreren kontzientzia handiagoa hartu eta hizkuntzaz aldatzen garenean, ohartu eta euskarara bueltatu. Gure lehenengo berba beti euskaraz izan dadila, eta erdaraz erantzuten badigute ere, euskaraz ulertzen duenari euskaraz egin. 

Euskaraz aritzea nahia izan barik, beharra izan dadin lortu behar dugu.

Honetan guztian, asko lagunduko luke gazteontzat gustukoak izan daitezkeen ekintza gehiago antolatzea euskaraz. Hainbat izan dira atera diren ideiak, ezingo genituzke guztiak hemen zerrendatu baina aipatuko dugu bat gure irakasleek kontutan har dezaten: badaude gaztelaniazko hainbat espresio indar handia daukatenak, bereziki irainak eta horrelakoak, euskarazko irainen hiztegia sortzea izan da jaso dugun ideietako bat.

Kurutziaga ikastolako ikasleek zerbait egin nahi dute?

Bai. Ikasle gutxi batzuk zalantzak agertu badituzte ere, momentu hauetan beste lehentasun batzuk dituztelako, esan dezakegu ia ahobatez baietz, Kurutziaga ikastolako ikasleok euskaraz bizi nahi dugula gure hizkuntza delako eta guk zaindu, babestu eta erabili behar dugulako.

IKUSI HEMEN GURASOEN ARTEKO EUSKARA ERABILERAREN EMAITZAK