“Errigora Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari lagundu eta elikadura burujabetzan sakontzeko proiektua da”

Irati Abio Muruaga bakiotarra da Errigorako Bizkaiko arduraduna. Gaur iritsiko da ikastolara Errigoraren udaberriko kanpainako produktuak dakartzan kamioia (datorren astetik aurrera jaso ahalko dituzue) eta aitzakia horrekin hurbildu gara Iratirengana Errigorari buruz gehiago jakiteko.

Zer da Errigora eta nondik dator?

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretako elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Nondik datorren? 2012an Zazpiak Bat harreman sarearen baitan egindako hausnarketa bat dago oinarrian: alde batetik Nafarroako Gobernuak “zona no vascófona” bezala izendatutako eremua euskaraz bizitzeko oztopoz beterik dagoenez, bertako euskalgintzak bultzada ekonomiko bat behar zela identifikatu zen. Bestetik, zonaldeko nekazaritza ahultzen ari zen geroz eta globalizatuago dagoen merkatuak ezarritako konpetentzia dela-eta. Proiektu bakar batekin bi arloetan eragitea erabaki zen: bertako nekazari eta laborariei produktuak erosi, hoiekin saskiak prestatu eta hauek Euskal Herri osoan zehar banatu. Horrela sortu zen ERRIGORA.

“Nafarroako Gobernuak “zona no vascófona” bezala izendatutako eremua euskaraz bizitzeko oztopoz beterik dagoenez, bertako euskalgintzak bultzada ekonomiko bat behar zela identifikatu zen”

Urtean bi kanpaina egiten ditu Errigorak. Azkeneko udazkeneakoa ondo joan zen, ezta?

Bi kanpaina egiten ditugu, bai. Joan den udazkenean egin genuen azken Euskarari Puzka kanpaina, Nafarroa hegoaldeko produktu sorta desberdinez osatutako saskiak eskeintzen ditugu eta bakoitzarekin lortzen dugun diruaren %25a euskalgintzara bideratzen dugu. Inoizko baldintza gaiztoenetan (pandemia) inoiz baino ekarpen handiagoa bildu genuen: 16.000 saskitik gora banatu eta horrekin 302.000 euro bildu genituen euskalgintzarako.

Eta Udaberrikoa ?

Egunotan udaberriko kanpainako banaketarekin ari gara. Kurutziaga Ikastolan bezala, Euskal Herriko beste 200dik gora gunetan egiten den auzolanari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz 8.200 etxe baino gehiagotara helduko dira.

“Inoizko baldintza gaiztoenetan (pandemia) inoiz baino ekarpen handiagoa bildu genuen: 16.000 saskitik gora banatu eta horrekin 302.000 euro bildu genituen euskalgintzarako”

Guk hemen kalitate itzeleko produktuak jasotzen ditugu, baina zelan eragiten dute Errigoraren kanpainek Nafarroako Erriberan?

Kanpainan eskaera bat eginda bi eremutan eragiten dugu aldi berean: euskalgintzan eta elikadura burujabetzan. Udazkeneko Nafar hegoadeko uzta euskarari puzka kanpainan eskeintzen ditugu saskiekin produktuak ezagutara ematen ditugu eta, bide batez, %25eko ekarpena egiten diegu Nafarroa erdi eta hegoaldeko AEK-k dituen euskaltegiei eta bertako ikastolen eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamikei. Balio du baita, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara plazara ekarri nahi duen egitasmo berriak, Agerraldiak bere agenda garatzeko nahikoa baliabide izan dezan ere.

Udaberriko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskurak ordea, kontsumo ohiturak aldatzea du helburu. Gure etxeko ateak zonaldeko ekoizle eta nekazariei zabaldu eta gustuko ditugun produktuak urte guztirako eskuratu ditzakegu jatorrizko prezioan. Kasu honetan, ekoizleek euskararekiko konpromiso berriak hartzea errazten du: webguneak euskaraz bisitatu daitezke orain, Agerraldiaren bidez enpresetan euskara planak garatzen hasi dira… Euskarak eremu berriak irabaztea lortzen dugu, eta horrekin euskararen posizionamendua hobetzea ere bai.

Animatu itzazu Kurutziagako familiak Errigoraren kanpainetan parte hartzera.

Harri batekin bi kolpe jotzeko modua bikaina da. Batetik, apalak kalitatezko produktuekin beteko dituzue Nafarroa hegoaldeko nekazari eta ekoizleei arnasa emanez. Eta bestetik, bertako euskalgintzari hauspoa emango diozue. Animatu!