Urte batzuk badira ikastola bazkalorduan haginak garbitzeko ideia lantzen ari dela. Gurasoek proposatutako ideia izan zen. Azken urteotan, ordea, ezinezkoa izan da gauzatzea. Aurten, gauzak bere bidera itzulita, proiektua berrartu dute Zuzendaritzak eta Artezkaritzak, eta Ausolanen laguntzagaz aurrera eroango da proiektua. “Astiro-astiro” hasiko direla azpimarratu dute Claudia Aperribai jantokiko arduradunak eta Laura Biritxinaga Artezkaritzako kideak.
Noiztik egon da egitasmo hau sortzeko ideia martxan?
Laura Biritxinaga: Badira hiru-lau urte guraso batzuk zerbitzu hau eskatzearen ideia luzatzen hasi zirenak. Argi dago ezin zitekeela egin klase orduetan, eta pandemia etorri zenean kutsatzeko arriskua zegoen. Eta orain astiro-astiro ohitura hartzen hastea gura dugu, gure baliabideen arabera.
LH2ko ikasleak hasiko dira proiektu honegaz. Zergatik adin hori?
Claudia Aperribai: Ikusi dugu zazpi urteko gelek ohiturak barneratzeko adin aproposa dutela jadanik, eta bazkalosteetan burutu izan ditugun ekintzetako jarduera ikusita, ikusi dugu ardura berriak bereganatzeko gogotsu egoten direla eta harbera edo errezeptiboak direla.
Zer gertatzen ari da haginak garbitzeko ohiturarik ez duten gazteengan?
L.B.: Tira, ohikoa da adin hauetan ohiturarik hartu barik txantxarrak agertzea. Gertatzen ari dena da, ordea, adituek esanda, txantxarrak geroago eta goizago agertzen hasi direla. Hiru, lau, bost urteko umeetan agertzen direla.
“Ez da derrigorrezkoa, aukera bat baizik. Ez dugu, noski, behartuko inor haginak garbitzera”
Gurasoen artean kezka handia dago?
L.B: Bai, kezka handia dago. Esaten da hortzak garbitzea ezinbestekoa dela bai goizez eta bai gauez. Baina kasu honetan eguerdiko garbiketa ere garrantzitsua bihurtu da, eta ohitura hori har dezaten ekingo diogu proiektu honi. Kasu batzuetan odontologoak eguerdietan ere garbitzeko gomendioa luzatzen hasi dira hainbat haurri. Orain arte ez zegoen horretarako aukerarik ikastolan, baina hainbat gurasok ea posible ote zen galdetzen ibili ostean, zerbitzu hori gauzatuko da.
Zenbat haur izango dira, beraz, haginak garbitzeko aukera izango dutenak?
C.A.: 50-55 bat inguru izan daitezke. Baina, hain zuzen, hori nabarmendu behar da: ez da derrigorrezkoa, aukera bat baizik. Ez dugu, noski, behartuko inor haginak garbitzera. Eskubidea bermatu gura dugu.
“Txantxarrak sarriago agertzeko joera berezkoa dute pertsona batzuek beste batzuek baino”
Eta taldean garbitzeak lagun dezake ohitura bihurtzen?
C.A.: Adin horretan ardurak hartzea gustatzen zaie haurrei, eta adin horretan ohiturak erraz zabaldu daitezke, elkarreragin handia dago. Asmoa da elkarreragitea, eta haurrek ikusten badute haginak garbitzeak funtzionatzen duela, ohitura hori hartuko dute.
Epe luzera zenbat eragin dezake garbiketa ezak?
L.B.: Behin txantxarrak agertuta, oso garrantzitsua da higienea sustatzea. Izan ere, txantxarrak sarriago agertzeko joera berezkoa dute pertsona batzuek beste batzuek baino.
Garbitu ez ezik, arazoa saihesten lagun gaitzake elikadura on batek.
L.B.: Hori da, eta maila batzuetan hasiak dira duela denbora asko horri bidea ematen. Esaterako, barikuetan ‘fruta eguna’ izaten dute, fruta eraman dezaten hamarretakorako. Horrela ekiditen dute aste osoan gailetak eta bestelakoak ekartzea.
C.A.: Horrez gainera, bazkalorduan egiten ditugun jardueretan ere fruta edo bestelako elikagai osasuntsuak izaten ditugu abiapuntu jolasak edo ariketak egiteko. Uste dut bide beretik goazela denok.
Astiro hasiko da proiektua. Zeintzuk izango dira epeak?
C.A.: Urrian zehar martxan jarriko dugu, abisua emango dugu buletinaren bitartez noiz hasiko garen. Onena izango litzateke ikasturtez ikasturte jarraitzea proiektu honek, eta adin honen bueltan igarotzen diren gazteekin ohitura hartzea. Jarribideak ere emango ditugu, baina ez da bilera pedagogikoetan jorratuko. Ikusiko dugu urtean zehar zertan hobetu behar dugun, zer prestakuntza eskatzen duen honek guztiak (lanean gabiltza behar duen guztia izan dezan), eta ikasten joango gara.