Jose Luis Sukiak, Ikastolen elkarteko zuzendari nagusiak koronabirusa dela-eta sortutako egoeraren aurrean elkartearen lehentasunak zein diren azaltze ditu bideo honetan.
Lehenbizikoa osasuna da. Horren baitan, langileek, ahal den guztietan, etxetik lan egiteko gomendioa zabaldu eta bultzatu dugu.
Beste lehentasunetako bat da hezkuntza zerbitzua bermatzea. Horretarako, Ikastolen Elkartetik eskura ditugun baliabide guztiak jarri ditugu ikastolen eskuetan, inolako kosturik gabe.
Ikastoletako administrazioetako langileekin egin bezala, irakasleek ere ahal den neurrian etxetik lan egitea bultzatu dugu. Guretzat bigarren multzo horretan daude hezkuntza etapa desberdinetako irakasleak, heziketa bereziko langileak, hezkuntza laguntza espezialistak eta 0-3 urteko zikloko hezitzaileak ere.
Azken hauek, 0-3koak, eta zerbitzuetako beste langileak (garbiketa, jangela, garraioa eta eskolaz kanpokoak) dituzte arazorik handienak ematen dituzten zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko.
Arlo honetan ere, garbi dugu lehentasuna: zerbitzuak betetzen dituzten langile guztien lan baldintzak bermatu beharko genituzke, gutxienez ikasturtea bukatu arte. Ondorioz, gure gomendioa da langile guztien kontratuak mantentzea, kontratu etenik ez egitea. Horrek esan nahi du ezinbesteko kausagatik Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedienterik (ERTE-rik) ez egitea eskatu diegula ikastolei, baldin eta bide hori ez bada lan baldintzak betetzeko helburuarekin erabiltzen.
Salbuespen egoera honetan ziur asko zerbitzuak ematea ezinezko izango zaien neurrian, ikastolek ezin izango dituzte zerbitzuetako kuota horiek ere kobratu. Horregatik, ikastolen filosofia eta baloreak oinarri hartuta, ikastoletan langile hauekiko denon konpromisoa eta elkartasuna erakutsi beharko genukeelakoan gaude. Zerbitzu ezak sortuko dituen galerak denon artean finantzatzen ahalegindu beharko genuke. Gurasoen aldetik, zerbitzuen kuota zati bat ordainduz, eta ikastola bakoitzak kostuen beste zatia bere gain hartuz, adibidez. Eta azken erabaki honek ikastolaren bati egoera ekonomiko larria ekarriko balio, Elkartasun Kutxaren bidez ezohiko prozesu batez laguntzea proposatzen dugu.
Hauek dira une hauetan ditugun lehentasunak, eta ikastolei atzoko egunean proposatu dizkiegunak, eta, gaur, EAEko ikastoletako lan hitzarmeneko mahaian ezagutarazi ditugunak.