“Gure lehentasuna etenaldiak ikasleen ikasketa prozesuan ahalik eta eragin gutxien izatea izan da”

Kurutziaga Ikastolako lan-taldeak, egun zoroak bizi dituzte joan den ostegunetik (martxoak 12) ohiko eskolen aldi baterako etenaldia ezarri zenetik.Zuzendaritza, irakasle eta zerbitzuetako langileak, egoera berrira egokitu eta hezkuntza jarduna berrantolatzen dihardute. Elkarrizketa hau prestatzen ari ginela jakin dugu Hezkuntza Sailak sine die luzatu duela eskola etenaldia.

Astebete igaro da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskolen etenaldia ezarri zuenetik. Zeintzuk izan dira geroztik eman ditzuen pausoak?

Hasteko azpimarratu behar duguna da inori ez zitzaigula egundo halako egoera bat burutik pasa, eta egunik egun ikasten ari garela egoerari zelan egin aurre. Hasiera hasieratik lehentasuna ikasleen ikasketa prozesuaren egunerokotasunaren etenak ahalik eta eragin gutxien izatea izan da. Bigarren helburua, familiekiko komunikazioa bermatzea eta ahal izan dugun neurrian informatuta izatea.
Eusko Jaurlaritzak eta Ikastolen Elkarteak emandako gomendio eta betebeharrak jarraitzen gabiltza, gure jarduna ahalik eta egokiena izan dadin.

Irakaslegoarentzat ere egoera erabat berria da.

Guztiontzat da berria. Alde horretatik ez dugu esan barik utzi gura lan-taldeak hasieratik izan duen jarrera paregabea. 1100 ikaslerekin presentzialki egiten den jarduna egun batetik bestera etxetik lan egiteko prestatzea ez da ez da erronka makala izan lehenengo egun hauetan, eta aurrerantzean ere egokitu beharra izango da. Zer, noiz eta nola antolatu gure ikasleen etxeko lanak, irakasleek egin beharrekoak (azalpenak, jarraipenak, zuzenketak) komunikazio eraginkorra, materialak paperean, telematikoki eta/edo interneten bidez, adin tarte desberdinen berezitasunak, lanerako autonomia eta etxeko baliabideak, baina horretara jarri ginen lehenengo unetik. Txalotzekoa benetan zuzendaritza taldeak irakasleekin batera hain denbora gutxian guztia aktibatzeko azaldu duten gaitasun eta prestutasuna. Euskal Herriko Ikastolen elkartearen erreakzioa bizkorra izan da eta segituan hasi gara telematikoki lan egiteko on-line prestakuntza saioak jasotzen. Kasu honetan elkartearen babesa izatea garrantzitsua izan da oso.

Zuzendaritzarentzat ez da erronka makala halako egoera bat kudeatzea, ezta?

Ez horixe. Zuzendaritza Pedagogikotik egunik egun ari gara lan sistema eraginkorrenaren bila lanean. Asteon etapa ezberdinen lan prozedurak, materialak eta etxeetara bidaltzen ari garen eskola lanaren azterketa berrantolatu ditugu modu bateratuan lan egin ahal izateko. Hau hasi baino ez da egin eta bidean ikasten ari gara. Horregatik hezkuntza komunitateari pazientzia eskatzen diogu eta ikastolatik zuzendaritzak eta irakasleek bidalitako gomendioei kasu egitea.

Momentu honetan gure irakaslegoa etaparen arabera modu bereiztuan ari da lanak bideratzen: tutroreen bitaretz HHn eta LHn, eta arloko irakasleen bitartez DBHn. Orain arte bezala, familiek, eta hala dagokienean ikasleek beraiek, egin beharreko lanen zehaztapenak jasotzen jarraituko dute. Buletin honetan bertan etapa bakoitzeko berri zehatzagoa jasoko dute familiek.

Amaitzeko, badaukazue gure komunitateari bidaltzeko mezuren bat?

Egoera berezia bizitzea tokatu zaigu guztioi. Geuretik ere badakigu ez dela erraza isolamendu egoeran elkarbizitza eta hezkuntza aurrera eroatea. Animoak eta pazientzia dosi handiak opatzeaz gainera, gure lana ahalik eta ondoen egitea da gure konpromisoa. Ikastola fisikoki itxita badago ere, lanean jarraitzen dugu.