Artezkaritzaren hiruhilekoaren deskargua

Ikasturte hasieran egitasmo eta helburu batzuk jarri genituen. Dagoeneko bigarren hiruhilekoa ere amaitzen ari da, ikasturte erdia igaro da eta egindako guztia hor dago.

COVID-19a

  • Artezkaritzako batzar guztietan izan dugu eztabaidagai. Egunean eguneko erabakiak hartu dira Osasun sailaren, Hezkuntza Sailaren eta Ikastolako COVID arduradunagaz batera. Hartutako erabakiak momentuan jakinarazi dira Hezkuntza komunitatean. Egun dugun inzidentzia maila oso baxua da. Udaberrira begira, indarrean ditugun neurriei begira testuinguru irekiago bat edukitzeko esperantzagaz gaude Artezkaritzatik.

Ekonomia eta inbertsioak:

  • 2021-2022 ikasturteko zenbakien jarraipena egin da, eta egiten ari gara. Nahiz eta momentuz emaitza positiboa izan, COVID-a dela-eta langileen bajak aurreikusitakoak baino haundiagoak izan dira, eta kostuek gora egin dute. Halere, iazko ikasturtean eta aurten izandako laguntzei esker, kostu-sarreren oreka mantentzen ari da ikastola ikasturte erdi honetan.
  • Bestalde, gasaren prezioaren igoera dela eta energia kostua handitu egin da. Etxeetan bezala, ikastolak ere nabari du kostu igoera.
  • Ikasturte honetako lanketa bat plaka fotoboltaikoena izan da. Ikastolak plaka horiek jartzea erabaki du, autokontsumoa bultzatzeko eta jasangarritasuna handitzeko asmoz. Horren jardunean aritu den lantaldea zoriontzea besterik ez zaigu gelditzen. Inbertsio hau Ibaizabal ikastolarekin batera gauzatuko dugu.
  • Gailuen erosketa: Ikastolaren digitalizaziorako 1/1 ratio zabaldu dugu LH5 eta LH4 mailetara.
  • Aldiz, konektibitate arazoak izan ditugu ikastolan Wifiagaz. Gure teknikariei laguntzeko kanpo enpresa bat ekarri dugu gure ahultasunak aztertu eta azken hiruhilekoan konexio sistema egonkortzeko.

Matrikulazioa eta jaiotza tasa

  • Durangoko jaiotzen eta matrikulazioen jarraipena eta hausnarketa egin dugu. COVID-aren osteko jaiotza kopurua nabarmen murriztu da orokorrean, baita Durangon ere. Halere, ikastolak matrikulazioan lortutako datuak onak izan dira. Ahalegin berezia egiten dugu urtero komunikazio mailan eta aurten,  ikastolak antolatutako ate irekietan, Artezkaritzako kideek matrikulazioan parte hartzeko erabakia hartu dugu.

Kirola eta Aisia:

  • Kirolean hezkidetzako eztabaida zabaldu dugu ikastolan. Momentuz Artezkaritzak lantalde mistoen aldeko erabakia hartu du.
  • Aisialdian negu-lekuak eta udaberriko egonaldiak antolatu(ko) ditugu Ikastolen Elkarteagaz. Eskaintza sendotzea izan dugu helburu beharrizana duten familientzat.

Legedia:

  • Kooperatiben legeak horrela eskatzen duelako, Estatutuen aldaketa lantzen ari gara Zaintza batzordeagaz batera. Proposamenen onarpena hurrengo Batzar Nagusira joango da, hau da, ekainean egingo dugun Batzar Nagusian.
  • Momentu honetan Hezkuntzako legedi berria ere pil-pilean dago. Artezkaritza gai honegaz arduratuta dago eta lanean ari da. Ikasturteko azken hiruhilekoan hausnarketa prozesu baten sartuko da beste ikastolekin batera, eta dinamikak sortuko ditu Hezkuntza komunitatean.
  • Hausnarketa honetatik irteten dena Ikastolen Elkarteko VII. Biltzarrera eramango da. Zertarako? Finean, ikastolon etorkizuna definitzeko.