Ikasturte hasieragaz, hainbat galdetegi eta eskaintza zabaldu ditu Kurutziaga Ikastolak. Baina zergatik? Zeintzuk daude horien atzean? Kurutziaga Eskolaz Kanpoko Ekintzen eskaintza indartzen saiatu delako, eta hainbat pertsona daude lan horren atzean: horietako lau dira Idoia Marin, Unai Zamalloa, Gotzone Duñabeitia eta Claudia Aperribai (argazkian, ezkerretik eskumara, hurrenez hurren). Beraiek azaldu dizkigute proiektuaren nondik norakoak eta helburuak.
Ikasturte honetan talde-eragile berria ari da lanean ikastolan: EKE taldea. Zergatik sortu da?
Unai Zamalloa: Azken urteetan aisiaren inguruan hainbat hausnarketa eta eztabaida plazaratu dira gure hezkuntza komunitatean. Ikastolen Elkartetik ere Eskolaz Kanpoko Ekintzen mintegia abiatu zuten orain dela bi ikasturte. Kurutziagan, argi izan genuen hasieratik mintegi hauetan parte hartu behar genuela eta gure eskaintza aberasteari eta sendotzeari ekin behar geniola.
Gotzone Duñabeitia: Aisialdiak ume eta gazteei eskaintzen dien testuinguruak berebiziko garrantzia du pertsonaren garapen integralean. Horregatik, hezkuntza formala eta ez-formalaren arteko zubiak eraikitzea ezinbestekoa da. Ikaslea ardatz duen hezkuntza proiektu batek uneoro izan behar du kontutan pertsona, eta jarduera akademikotik harago, balioetan eragiteko eta hezteko ezinbesteko tresnak dira.
Idoia Marin: Aisialdiko testuinguruan gauzatzen diren ekintza guztiak elkar eraginean eta etengabeko komunikazioan gauzatzen dira. Espazio hauek baliabide apartak dira euskararen erabileran sakontzeko eta gure hizkuntzarentzat arnasguneak sortzeko. Aisia, hezkuntza eta hizkuntza sustatzea dira EKEren egitekoak.
Beraz, helburuetako bat Eskolaz Kanpoko Ekintzen eskaintza aberastea da. Zeintzuk urrats eman dira norabide honetan?
U.Z.: Urratsetariko bat Ikastolen Elkarteak antolatzen duen EKE mintegian parte hartzea izan da, bertan beste ikastola batzuetako esperientziak ezagutzeko eta gure jardunaz hausnartzeko aukera izan baitugu. Hausnarketa horiek ikastolara ekarri eta gure eskaintza aberasteko bidean jarri gaituzte.
G.D.: Ekainean, ikastolako familiengana zuzendu ginen aurtengo ikasturtean ikastolako eskolaz kanpoko ekintzak zabaldu eta aberasteko gure asmoa adieraziz. Komunikazio hura galdetegi bat betetzeko eskariagaz joan zen. Galdetegi haren bitartez, ikasleen gustu eta nahien sondeotxoa egin nahi genuen. Baina oso erantzun gutxi batu genituen, ziurrenik ez zelako sasoirik aproposena.
I.M.: Beraz, irailean, bigarren saiakera bideratu genuen eta orduan bai, erantzun dezente jaso genituen. Bildutako erantzun guztietatik ondorioztatu ahal izan dugu artea eta adierazpenarekin lotura duten ekintzekiko interesa bazegoela. Hortaz, ekintza berri batzuen eskaintza egin dugu.
Zelako erantzuna jaso dute eskaintza berri horiek?
U.Z.: Irailean bidalitako galdetegitik ehundik gora erantzun jaso ditugu, pozteko moduko kantitatea da. Ekintzei dagokienez, batzuk martxan daude eta polito doaz, baina beste batzuk ez dute aurrera egin izen-emate urria izan delako, sormen eta antzerki tailerrak esaterako.
Zergatik uste duzue jazo dela hori?
G.D.: Ekintza berriak antolatzeko prozesuak luzatu egin dira hainbat arrazoirengatik eta eskaintza berandu egin da. Jakin badakigu ekintza horiekiko interesa badagoela, baina ulertzen dugu eskaintza egin denerako ume askok beraien asteko antolaketa egina zutela. Hurrengo baterako hobetu beharrekoak identifikatuta daude, eskaintza bateratua eta aldiberekoa izan behar duela.
2022/2023 ikasturterako bestelako asmorik bai?
U.Z.: Ikasturtean zehar, iraupen laburreko ekintza puntualak eskaintzeko aukera aztertzeko eta aurrera eramateko asmoa dugu. Zer eta zelan oraindik definitzeke dugu, baina lanean jarraitzeko gogotsu gaude erronka hau ez baita ikasturte honetarako soilik, etorkizunerako oinarriak jartzea baizik.
G.D.: Ez dezagun ahaztu aisialdiaren eremuak Kurutziaga Ikastolan hainbat momentu dituela bere baitan eskola-orduetatik kanpo gauzatzen direnak: jolasaldia, bazkalostea eta eskola-jardunaren ostekoak. Momentu honetan, guztiak batuko dituen proiektua garatzeko ahaleginetan ari gara.
Claudia Aperribai: Zentzu horretan, datozen asteetan, bazkalosteko proiektua martxan jarriko dugu. Eguerdietako tartean ikasleei hainbat gune eskeiniko zaien denbora tarte horretan aisialdiaz modu desberdinetan gozatzeko aukera izango dute. Gogoratu gura diegu etxekoei ere, etxean baztertuta dituzten mahai-jolasik edo ipuinak jasotzeko prest gaudela ikastolan, material horri guztiari bigarren bizitza bat emateko asmoz.
I.M.: Azkenik, hezitzaile eta entrenatzaileei zuzendutako formazio-saioak antolatzeko lanetan ari gara. Formazio hauen helburua hezitzaile eta entrenatzaileek euskararen trasmisio eta erabileran jokatzen duten paperaren inportantzia azpimarratzea eta lanerako baliabideak eskura jartzea izango da.