Leire Vargas Kurutziagako ikasle ohia, Irun Hiria sarietan saritua: “Sinetsi ezinik geratu nintzen”

Leire Vargas Nieto (Durango, 2002) ikastolako ikasle ohia da. Duela hiru urte atera zen Kurutziagatik, gaur egun Gasteiza joan-etorriak egiten ari da, Itzulpengintza gradua ikasten, eta Durangaldeko Bertso Eskolan ere ari da. Baina DBH garaian landutako poesia eta bertso haziak fruituak ematen hasi dira. Izan ere, Irun Hiria sarietan bere lana den Dena ametsa den irudipena poema bilduma saritu dute. Vargasekin egin dugu berba saria irabazi berritan, poemez eta bertsoez.

Ez dira horrelako berri eta sariak egunero izaten. Antolatzaileak zurekin harremanetan jarri zirenean zer sentitu zenuen?

Bada, lehenik eta behin, sinetsi ezinik geratu nintzen, eta tarte bat behar izan nuen gertatutakoa barneratzen joateko. Atalka joan naiz hori egiten: oraingoz erdi-ohitu naiz zorion-mezuak jasotzera… Baina alderik pisuzkoena, niretzako behintzat, sinestea kostatzen zait oraindik: nik idatzitakoak atzamar artetik ihes egin eta hor kanpoan egongo dela, paperean, bizirik, edonork irakurtzeko moduan.

Izan ere, oraindik hilabeteak falta diren arren, zure lanak argia ikusiko du.

Aurretik argitaratu ditut lan solteak, baina hau luzeagoa eta osotuagoa denetik, eta naizenetik asko duen lan bat, gainera, inoiz baino biluzte handiagoa izango delakoan nago. Esango nuke, ordea, paperean, liburu-dendaren batean edo beste norbaiten eskuetan ikusi arte barneratzen hasiko ez naizen zerbait dela hori. Sentitzen naiz, nolabait, deskubrimendu bat banintz legez: hemen nengoen aurretik, baita lan hau eta beste asko ere, baina teloi edo estalki batek ezkutatua. Eta jendeak nire berri du orain. Horri dagokionez, gogoz nago lana argitara ematen denean jendearen erreakzioa ikusteko, halako hautemangarririk balego, baina errespetua ere ematen dit epaiak, noski.

Nahia eta errealitatearen arteko distantziak eragindako gatazkak zeharkatzen du lana

Egunkarietan esan duzu lana “gaztarotik helduarorako trantsizioan” kokatzen duzula. Zer biltzen du, bada, poema bildumak?

Zaila da bildumak agertzen duena azaltzea, adierazteko beste modurik ez dudan hori kanporatzeko bidea baita poesia niretzat. Gugan sakonki errotutako edo bat-batean piztutako sentimenduak eta sentsazioen gorpuzte bat bezala bizi dut. Hortaz, baditu zuzenean azal ezin daitezkeen sentipenei lekua egiteko gaitasuna.

Baina, galderari erantzuteko, nahia eta errealitatearen arteko distantziak eragindako gatazkak zeharkatzen du lana, eta norberaren kontraesanen inguruko kontzientzia-hartze batek: gizarteak inposatzen digun ordenan sartu gura eta ezina, kanon estetikoekiko tirabirek eragindako segurtasun ezen itzala, eta, aldi berean, ideologiak bultzatuta hari guztiari ihes egiteko nahia, jakinik jaso dugun hezkuntzak gugan duen eragina deseraikitzeak eskatzen duen lana, eta haren ordaina, onerako eta txarrerako.

Hiru ataletan banatu dut liburua: lehenengoak nire gorputzean eta neure buruarekiko eta irudiarekiko harremanean bizitakoak biltzen ditu; bigarrenak jendarteari kritikatxo bat gordetzen du, handikeria barik, eta garenak egin gaituzten mekanismoei kontuak atera guran. Hirugarrenak, aldiz, besteekiko harremanean bizitakoak erakusten ditu, horiek ekarritako gatazkak eta ikasgaiak.

Vargas, Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean. (Argazkia: Bertsozale Elkartea)

Vargas, 2020ko Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean. (Argazkia: Bertsozale Elkartea)

Ikastola garaian ere idazten zenituen poemak? Ikastolan bertan idatzi izan duzu? Agertzen da lanean garai hartako poemarik?

Ez da ikastola garaiko poemarik agertzen bilduman, baina DBHn negoen garaian hasi nintzen jada poesia idazten, nahiz eta ez dakidan ordukoei “poema” deitzerik legokeen, baina ahapalditan banatuta zeuden eta asmoa, funtsean, gaur poesia idazten dudanean darabildanetik hurbil zegoelakoan nago. Hasiera hartan, askoz inkontzienteagoa zen ariketa. Eskolan ere izan genuen poesiarekin jolastera bultzatu gintuen proiekturik. Gerora etorri zen egiten ari nintzenaren kontzientzia-hartze bat, euskara soilean idazteko erabakia, eta bilatu gura nuen norabide artistikoaren inguruko hausnarketa zenbait.

Bertsotan egiterakoan eta poesia idazterakoan buruan aktibatzen zaizkidan mekanismoak guztiz desberdinak dira

Literaturzalea bazara, baina bertsotan ere bazabiltza Durangaldeko Bertso Eskolan. Sormenerako baduzu tartea, alegia. Zer moduz bertsotan?

Jardun gorabeheratsua da bertsolaritza. Asko da norberaren eskutik kanpo dagoena, bai bertso jardunean eta baita plazaren mekanismoetan ere. Plazak boladaka funtzionatzen duela esango nuke, modaka, eta are gehiago emakumeoi dagokigunez. Gogorra da plaza gutxi dauzkagunontzat, adorea ken diezazuke maiz, oso litekeena delako zu motibatuta zauden garai batean hori erakusteko edo aurrera eramateko aukerarik ez izatea, edo atzeko lan handia egin eta plazara irteteko egunean gauzak nahi bezala ez ateratzea.

Baina saiatzen nabil bertsoa niretzat funtzionatzen duten eretan bizitzeko bideak aurkitzen, bertsolaritzaren barruan eroso sentiarazten nauten eremuetan babesten. Eta oraingoz ez dut bertso-jardunean hortik ateratzeko beharrik sentitzen, ez diot neure buruari exigitzen bertso-munduaren gehiengo batek onartu eta txalotuko duen zerbait egitea. Horrek gauzak errazten ditu, hein batean.

Aldea dago bertso inprobisatuen eta poemen artean. Antzekotasunik aurkitzen al duzu?

Ez dakit; bertsotan egiterakoan eta poesia idazterakoan buruan aktibatzen zaizkidan mekanismoak guztiz desberdinak dira, poesian eta bertsotan dabiltzan beste kide batzuek ere badiote hori. Hasteko, nik neuk poesia era nahiko zehatz eta zurrunean idazten dut, ia beti eskuz, koadernotan edo paper solteetan. Horrez gain, behin buruan apur bat garatutako ideia batetik abiatuta idazketa era nahiko automatikoan ateratzen zaidan arren, egon naiteke minutu batez edo gehiagoz hitz egoki bat bilatzen, esanahiarekin bat etorriko dena edo erritmoari edo estetikari mesede egingo diona. Eta osteko zuzenketak idazketak bezainbesteko garrantzia du.

Bertsotan, aldiz, bat-batekoa den horretan, ezinbestekoa da azkarra izatea, praktika eta entrenamendua. Bertsolaritzak eta poesiak, euren horretan, antzekotasun gutxi dituzte. Baina bai uste dudana da poesiarekin harreman estua daukagunon bertsokeran nabaritu egiten dela lotura hori maiz. Hizkuntzaren erabileran, hautuetan eta aberastasunean, irudiak eta metaforak baliatzeko joeran… Jantziagoa da, agian ohiko hizkeratik hurbil dagoen bertsolaritza ez bezala.