Hektor Orbe, Artezkaritzako presidentea: “Garrantzitsua da norabide biko komunikazioa lantzea ikastolan”

Hektor Orbe Kurutziaga ikastolako Artezkaritzako presidentea da. Bigarren ikasturtez arituko da jardun honetan eta ikasturte hasieran buru belarri dabil Artezkaritzako kideekin batera urteari dagokion kudeaketa plana definitzen.

Ezohiko garaiotan, Artezkaritzak non egingo du indar gehien?

Lan jardunik nagusiena normaltasunera joatea izango da, hau da, ikastolak ezarrita dituen helburu estrategikoei berriro heldu eta hauei begira lanean hastea.

Bi urte igaro ostean planean sartu eta lehenetsi genituen gaiei berriz helduko diegu

Pandemia aurretik ezarritako helburuak gaur egun betegarriak al dira?

Oso agerikoa da erronkei begira lan egiteko oso baldintzatuta egon garela, baina horrek ez du esan nahi ezer egin ez denik. 2019an Ikastolak Plan Estrategikoa osatu zuen, eta bi urte igaro ostean, zeintzuetan COVID-19ak baldintzatu gaituen, planean sartu eta lehenetsi genituen gaiei berriz helduko diegu.

Eta zeintzuk dira gai horiek?

Ikastola erakunde modura indartu eta Durangon erreferentziazko zentroa izaten jarraitu gura dugu; berrikuntza pedagogikoaren sustapenean lan egin, lan talde gaitua izan, proiektu pedagogikoarekin eta ingurumenarekin konprometituriko inbertsio sendoak egiten jarraitu eta kalitatezko kudeaketa eta eskaintza egin. Edonola ere, gogorarazten dut Alexiako galerietan dagoela eskegita ikastolako Plan Estrategikoa. 

Artezkaritza osatzen duen lan taldea. Behean, ezkerretik hasita: Gorka Garcia-Ariño, Unai Sanchez, Amaia Zarrabeitia, Gontzal Uriarte. Goian, ezkerretik hasita: Hektor Orbe, Alaitz Atxurra, Imanol Eskota. Izaskun Iturrioz.

Guraso Ordezkariaren (GO) figura ere garrantzitsua izango da ikasturte honetan?

Epe laburrera begira berrabiarazi nahi dugu GO taldea Artezkaritzatik. Ikastolako presidente legez, bertan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diot hezkuntza komunitateari. Ikastolan badago zer hobetu eta partekatu, eta garrantzitsua da norabide biko komunikazioa lantzea ikastolan. Familien bilerak badatozela ikusita, GO modura parte hartzera animatu nahi dut. Ziur gauza txikiak handi bihurtzeko gai izango garela.