Erizainak Saharan elkarteak osasun material bilketa egingo du Kurutziagan: “Helburua beste hainbat elkarterekin batera kooperazioa berriz martxan jartzea eta oinarrizko beharrak asetzea da”

Oihane Zubizarreta eta Uri Lasa Kurutziaga Ikastolako ikasle ohi bi dira. Biak murgildu dira aurten elkartasun proiektu batean, Erizainak Saharan elkartean parte hartzen dute hain zuzen ere. Elkarteak osasun materialak bildu eta bidali gura ditu bertako kanpamenduetara. Horretarako, material horien bilketa egingo dute Kurutziaga Ikastolan urtarrilaren 17tik otsailaren 3ra arte. Gainera, berbaldiak eskainiko dituzte gaiari buruz berba egiteko DBHko geletan. Idazkaritza aurrean egongo da materiala uzteko aukera. Zubizarretagaz eta Iñaki Sanchez elkarteko kideagaz egin dugu berba.

Erizainak Saharan elkarteko kide zarete. Noiztik zabiltzate eta zerk bultzatuta?

Oihane Zubizarreta: Erizainak Saharan elkartea Gasteizen sortu zen 2017an. Hasiera batean erizain saharar batek eta Euskal Herriko erizain batek bultzatutako proiektua izan zen. Saharan zegoen osasun zein hezkuntza gabezia eta material beharrei hein batean erantzuteko asmoz sortu zen. Aurten, Gipuzkoako atala sortu da, eta bertako kide gara Uri eta biak.

 

 

Osasun materiala biltzen ari zarete. Zer eraman dezakegu bilketa horretara? Badago behar berezirik?

Iñaki Sanchez: Medikazioaz gain osasun materiala beharrezkoa da. Horien artean daude: Gasak, eskularruak, xiringak, gluzemia egiteko tirak, hortz eskubila, muletak…

Saharako egoera inoiz ere ez da ona izan. Zein da gaur egungoa?

I.S.: Saharako gaur egungo egoera ulertzeko urte batzuk atzera egitea beharrezkoa da. 1975 urte arte Espainiaren kolonia izan zen, Maroko eta Mauritaniari saldu zioen arte Madrilgo akordio tripartitoan. Harrezkero, saharar batzuk Marokoren errepresiopean bizi dira. Beste batzuk, aldiz, Arjeliako lurretako errefuxiatu kanpamenduetan. Elkarteak, errefuxiatu kanpamenduetara bideratzen du materiala eta bertara jotzen dugu osasun hezkuntza eskaintzera. Aurten, Smara deitzen den kanpamendura joango gara.

Erizaintzari dagokionez, egon al da aurrerakuntzarik Saharara bidaltzen den laguntzan?

O.Z.: Jakin badakigu errefuxiatuak Nazioarteko laguntzari esker bizi direla. Laguntza honi esker aurrerapen asko lortu dira komunitate gisa eta osasuna gainontzeko arloak bezala asko hobetu da. Baina mundu guztia astindu duen pandemiak muga itxierak eragin zituen eta nazioarteko laguntza hori luzaroan ez da iritsi, asko eskastu da. Eta nabarmenki astindu ditu egoera latz honek bertako ospitaleak.

I.S.: Gure helburua beste hainbat elkarterekin batera kooperazioa berriz martxan jartzea eta oinarrizko beharrak asetzea da.

Zuek ez zarete egon han, baina zuen kideak bai. Zer kontatzen dizuete bertako bizipenetaz? Eta osasungintzari dagokienez zer aurkitu dute han?

O.Z.: Guztiz bestelako errealitate bat da bertan bizi dena. Kultura desberdina dela kontuan hartu beharrekoa da eta horri, baliabide urritasuna gehitzen zaio. Bertan, ez dago erizaintza unibertsitaterik, bakar batzuk erizaintza eskolan ikasten dute. Hemen bezala, protokoloak badaude baina askotan baliabide faltagatik ezin dituzte aurrera eraman, jakin badakiten arren. Bestalde, bertako jendea oso adeitsua dela esan digute, kulturalki oso gertukoak.

Material bilketez harago, zer egin dezakegu Saharako herritarrei laguntzeko?

I.S.: Edozein osasun material, elikagai, arropa ematea ondo dago baina horrez gain, oso garrantzitsua iruditzen zaigu saharar herriaren egoera jakitera ematera eta honen inguruko kontzientzia garatzea, behintzat gaiaren inguruko hausnarketa sustatuz.