Aurten ere azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, aldarriz beteko dugu ikastola.
Azken asteetan, geletan, indarkeria matxistari buruz hausnartzen, eztabaidatzen eta aldarrikapenak sortzen aritu gara. Mugimendu feministarekin batera indarkeria matxistaren aurkako lanketa egiten gabiltza azken hamarkadan, eta nahiz eta jakin aurrerapausu nabariak egin direla bide honetan, oraindik asko dugu egiteke.
Iaz esan genizuen bezala, hezkuntza komunitateak eta bertan lanean ari garenok erantzukizun handia dugu prozesu honetan. Identitatea eraikitzen ari diren haur eta gazteak gure artean ditugu, geletan, ikastolan, etxean… Horregatik, gu guztiak eragile aktibo izan behar gara. Eta ikastola ezin da aniztasunarentzat arrotza den gune bat izan, babesa eskaini behar diegu, ziurtasuna, jazarpenik barik diren bezalakoak adierazteko askatasuna.
Bide horretan, bizikidetza eta hezkidetza plan integralak ditugu eta gogoz ekiten diogu lanari. Baina ikasleen heziketa prozesuan eragiteko eta genero-estereotipoak ezarritako mugak eta jokabide matxistak gainditzeko denon konpromisoa da beharrezkoa. Egunak (azaroaren 25ak) aldarrikatzeko balioko digun arren, guk prozesuan sinesten dugu, prozesu partehartzailean hain zuzen ere, hezkidetza oinarri harturik, indarkeria matxistaren kontzientziazioan eta prebentzioan ekinez. Zuek etxean erein, guk ikastolan landu eta guztion artean herrira zabalduz.
Era honetan, etxeetan ere, honako bideo hau ikusi eta hausnarketa txiki bat egitea eskatu gura dizuegu, ipuin tradizionalek genero-estereotipo eta identitateen ezarpenean duten eraginaren inguruko hausnarketa hain zuzen, hauek identifikatuz eta zalantzan jarriz.
Azkenik, azaroaren 30erako mugimendu feministak deituriko Greba Orokor Feministaren aldarriak hartu eta zaintza eskubideen aldeko mezua landuko dugu. Horrela, azaroaren 25eko lehen lanketa datorren asteko greba feministaz lotu eta zaintza lanen inguruko hausnarketari bide emango diogu.
Gora borroka feminista!