Euskararen erabilera ikastolan, urriko hiztun-neurketen emaitzak

Aurtengo urrian ere egin ditugu hiztun neurketak ikastolan, neurketa hauekin gure ikasleen arteko euskararen erabileraren argazkia atera dugu. Bai, euskara entzuten da Kurutziaga ikastolako karraju eta jolastokian, orokorrean, gaztelania baino gehiago. 

Azken hiztun-neurketa honetan behatutako elkarrizketak 1107 izan dira, 3178 solaskide guztira. Elkarrizketa horien %66 euskarazkoak izan dira, iazko urriko emaitzekin (%68) eta ekainekoekin (%75) alderatuta, euskararen erabilera apaldu egin da gure ikasleen artean. 

Ez dugu azterketa soziolinguistikoa egingo hemen, sakonago aztertzea nahi duenak eskuragarri ditu hiztun-neurketen emaitzak. Baina kezkatzeko, eta batez ere, aztertzeko moduko datuak erakutsi dizkigute oraingo datuek. Orokorrean, hiru etapetan, nesken artean erabiltzen da gehien euskara. Adinean aurrera egin ahala, erabilera txikitzen doa, hori errealitate bat da. Baina ekaineko eta azken neurketen datuek LHn beste bi etapetan baino erabilera apalagoa dagoela erakutsi dute.

10-12 urte bitarteko ikasleen artean egiten du beherakada handia euskararen erabilerak, bereziki eta oso modu esanguratsuan, mutilen artean %28ko erabilerarekin.

Eta zer egin dezakegu errealitate honen aurrean? Lanean jarraitu, noski! Baina batez ere, hausnartu: Zergatik gertatzen da hau? Zerk eramaten gaitu hizkuntza hautu hau egitera? Zergatik erabakitzen dugu hizkuntza bat ala bestea erabiltzea?

Honen guztiaren inguruan hausnartzen jarriko ditugu ikasleak ikastolan. Baina ikasleez gain, ikastolako langileak eta familiak ere gonbidatu nahi ditugu hausnarketa egitera. Izan ere, euskaldunok egunero eta uneoro egiten ditugu hizkuntza hautuak. Egunean zehar, askotan erabaki behar izaten dugu hizkuntza batean edo bestean aritzea, pentsatu al dugu inoiz zergatik erabakitzen dugun gauza bat ala bestea? Eta pausu bat gehiago emango bagenu euskararen alde?

Euskararen eguna hurbil daukagun momentu hauetan, familietan ere, hizkuntzen erabileraren inguruko hausnarketa egin dezazuen animatu nahi zaituztegu. Soilik hausnartzen duenak har baitezake euskararen aldeko kontzientzia.

Kurutziaga ikastolako HIZPRO taldea