Nafarroa Oinez 2021 ospatu dute asteburuan Lizarran

“Lizarra eta Lizarrerria ez lirateke gauza bera izango ikastolarik gabe”. Unai Gardokiren berbak dira, Lizarrako Ikastolako zuzendariarenak, atzo esandakoak. Bi urtez prestatzen ibili ondoren, bi egunetan ospatu dute 2021eko Nafarroa Oinez Lizarran (Nafarroa), eta igandean egin zuten ekitaldi instituzionala.

Ekitaldi hori kanpoan egin behar zuten berez, baina, euria dela-eta, Los Llanos zinema aretoan egin zuten. Eguraldia eguraldi, jendeak ez zuen atzera egin, eta asko batu ziren asteburuko ekitaldietara.

Ikastolak 50. urteurrena ospatu du Nafarroako ikastolen jaian. Datorren urteko Nafarroa Oinezi begira ere jarri ziren, eta lekukoa Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolak jaso zuen, berak izango baitu 2022ko ekitaldia hartzeko ardura.