Urko Rodriguez: ikastolen Elkartasun Kutxa eta Argantzungo ikastola

Argazkian: Nerea Zumaia (Amasa-Villabonako Zubimusu ikastolako kudeatzailea) Ekaitz Lotina (Argantzun ikastolako zuzendaria) eta Urko Rodriguez.

Urko Rodriguez, Kurutziaga Ikastolako Zuzendari Gerentea den neurrian, Euskal Herriko Ikastolen Egonkortasun Ekonomikorako taldeko kidea ere bada. Elkarteko ekonomia arduradunekin eta beste hainbat ikastoletako kudeatzaileekin batera, Ikastolen elkartearen Elkartasun Kutxaren erabilerarako proposamenak egiten dituzte.

Zer da Ikastolen Elkartasun Kutxa?

Elkartasun Kutxa ikastolak Euskal Herri osoan zehar elkarri laguntzeko tresna da. Guztiok egiten dugu gure ekarpena premia daukatenei laguntzeko. Oinarrian halakoxe sinplea da kontua. Kontu teknikoagoetara joanda, 2013 urtean Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba izenekoa sortu zen, aurretik ere egiten zen lan horri oinarri egonkorragoa emateko. Honen bitartez elkartasun tresna hau Euskal Herriko lurralde guztietara modu bateratuan zabaltzen da.

Zein da eskuen artean darabilzuen errealitatea?

Oso ugaria da. Ikastola guztiok ez ditugu baliabide berdinak. Badaude handiagoak eta txikiagoak; inguru euskaldunago eta erdaldunagoetan daudenak; lege aldetik ere babesa edo babes gabezia ezberdiina da lurraldeen arabera administratiboak ezberdinak direlako (EAEkoa, Nafarroako edo-ta Seaskaren kasuan, Frantziar Estatuak ezarritakoa).

Ikastola askoren errealitatea oso gogorra da. Hala ere, aurrera jarraitzen dute bere lanean: ikastolen nortasuna, herri izaera eta euskararen presentzia sustatzen, dauden lekuan daudela.

“Elkartasun Kutxa ikastolak Euskal Herri osoan zehar elkarri laguntzeko tresna da”

Zelan erabakitzen da zein ikastolari lagundu?

Gure kooperatiba izaera oinarri hartuta, ikastola guztiok gure ekarpena egiten dugu. Gero, Batzar Nagusiak erabakitzen du zeintzuk diren laguntza jasoko duten proiektuak eta laguntza hori zein motatakoa izango den. Kurutziagak ere egiten du bere ekarpena, eta ez dugu ahaztu behar, behar izan genuen garaian guk ere jaso genuela laguntza hori.

Argantzungo (Trebiñu-Araba) ikastolarekin lanean ari den taldeko kidea zara zu. Gaur bertan han izan zarete. Zertan da Argantzungo ikastola?

Argantzun ikastola 2003-2004 ikasturtean sortu zen euskarazko hezkuntza eskaintzarik ez zegoelako eta gurasoen multzo handi baten eskaeran zegoelako. Kontuan hartu behar da Argantzun, Araba izan arren, administratiboki Gaztela-Leonen menpe dagoela.

Hasieran 0-3 etapa bakarrik eskaini bazen ere, 2004-2005 ikasturterako 3-5 etapan ere ikastola bat egitea ezinbesteko jo zen. Eraikin berri bat egiteko apustuari heldu zioten gurasoek. Gaur egun Manzanos herrian (Araba) LHko ikastola martxan dago. Momentuz LH4 arteko eskaintza dauka eta Argantzungo ikastolaren jarraipen moduan funtzionatzen du.

“Argantzun ikastola 2003-2004 ikasturtean sortu zen euskarazko hezkuntza eskaintzarik ez zegoelako eta gurasoen multzo handi baten eskaeran zegoelako”

Zein da zuen zeregina Argantzungo ikastolako arduradunekin?

Bideragarritasun ekonomikoa egiten laguntzen diegu eta beraien etorkizuna bermatzeko aholkularitza lanak egiten ditugu. Behin txostenak amaituta, Batzar Nagusiak erabakiko du eman beharreko laguntza zenbatekoa den.

Ez duzu uste ikastolok elkarren berri gehiago izan beharko genukeela?
Zalantzarik barik. Gu proiektu hau dela-eta hurbildu gara Argantzunera eta benetan merezi duen proiektua, jendea eta ingurua aurkitu ditugu. Antolatu beharko genuke bisita bat bertara!