Urko Rodriguez Kurutziagako Zuzendari Gerentearekin berba egin dugu ikasturteko azkeneko buletin honetarako. Buletinean doakizuen “2020-21 ikasturterako jarraibideak” oharrari buruzko argibideak eman gura izan ditu, besteak beste, datorren ikasturteak ertz asko izango dituela jakitun.
Datorren ikasturteko jarraibideak doaz buletin honekin batera. Zein ideia nagusi azpimaratuko zenituzke jarraibide horiei dagokienez?
Funtzionamenduaren irizpide nagusia Bizikidetza Taldeak sortzea da, talde burbuilak ere deitzen zaienak. Helburua zein den? Bada, talde bakoitzak beste taldeekin ahalik eta kontaktu txikiena izatea eta modu estanko batean funtzionatzea. Taldeok ikasmailen arabera osatuta egongo direnez, ezingo dira maila ezberdinetako ikasleak nahastu. Eta horrek beste zerbitzu batzuen gaineko erabakiak hartzera behartu gaitu.
Zeintzuk dira zerbitzuok?
Zaintza zerbitzua, adibidez. Hiru urtetik gorako goizetako eta arratsaldetako zaintza zerbitzuak ez ditugu eskainiko ezin ditugulako aipatutako Bizikidetza Taldeak errespetatu maila ezbeerdinetako ikasleak elkarrekin batuta.
Jantokiari eta bazkalosteko tarteari ere eragingo dio antolakuntza berri honek?
Bai. Jantokiaren antolaketa ere Bizikidetza Taldeen irizpide horrekin antolatu dugu, taldeak mantenduz eta distantziak errespetatuz. Beraz, batetik, bazkalostean talde bakoitzak bere espazioa izango du, eta mailak ezin izango dira nahastu. Horrek dakar azkeneko bi urteotan martxan jarri dugun “Bazkalostekoa” proiektua bertan behera geratzea.
Bestetik, bazkalorduetan ez dago salbuespenik egiterik, beraz, eguerdietan eskolaz-kanpoko jardueraren bat egiten dutenek ordutegi hori bete ezin badute, ezingo dute ikastolan bazkaldu.
Familien inplikazioa ezinbestekoa izango da, beraz, aurten ere.
Erabat. Gainean dugun egoera honekin guztiok jokatu beha dugu erantzukizunez. Familiei dagokienez, termometroa egunerokoean txertatu beharko duten tresna bihurtuko da. Umeak sukar sintomaren bat badu ezin izango du ikastolara etorri. Sintomak ikastolan bertan antzemanez gero, berhala bidali beharko dugu etxera. Pandemiari aurre egiteko zorrotz bete beharko ditugu arauak eta, egunero gure seme-alaben osasun egoerari jarraipen estua egin.
Azaldutako jarraibideek aldaketarik izan dezakete hemendik eta irailera?
Ez dakigu udak aurrera egin ahala zein izango den irailean aurkituko dugun egoera. Edozelan dela ere, egunokin ikusten ari garena ikusita, uste dut jarraibideok indarrean egongo direla, zorrotzagoak ez badira.
Ikasturte bat itxi berri eta hurrengoan sartu garela dirudi.
Halaxe da. Guztioi komeni zaigu eten bat egitea. Aurtengo udaberria gogorra izan da baina zer ikasia ere eman digu. Gure egunerokoa, gure mundua aldatu duen legez, aldatu du hezkuntza mundua ere. Datorren ikasturtera begira prestatuago gaude orain.
Ikasturte honetako azkeneko buletina da. Eman zeuk despedida.
Bada, bste behin ere familiei, ikastolako profesionalei eta ikasleei eskerrak ematea dagokit. Zailtasunak zailtasun, egindako ahalegina itzela izan da.
Gainontzean, ondo ibili udan, zaindu, gozatu eta ez ahaztu musukoa. Irailean berrio ikusiko dugu elkar!