Unai Zamalloa Kurutziagako kirol jardueren koordinatzailea da. LABIren asteleheneko batzarrean Eskola Kiroleko entrenamenduak baimentzea erabaki zenez geroztik hari-mutur guztiak lotzen ari da, baina pozarren.
Zelan hartu zenuen entrenamenduei berrekiteko berria?
Egia esan ez nuen uste erabaki hori hartuko zenik. Goizean zehar beste elkarte eta klubetako kideekin berbetan aritu nintzen eta ez genuen uste, otsailera arte gutxienez, Eskola Kirola egiteko aukerarik egongo zenik. Baina bazegoen beharra eta, Bultza Kirola manifestazioan, aurreko domekan, agerian geratu zen argi eta garbi. Beraz, astelehenean berri ederra jaso genuen, itxaroten egon garen berria.
Noiz hasiko da eskola-kirola Kurutziagan eta zein baldintzatan?
Datorren astelehenean, urtarrilak 18, hasiko dira saio guztiak. Aurretik bakoitzak izandako ordutegi berdinean (ordutegien taula behean). Talde kirolak ( Saskibaloia, futbola, Eskubaloia), banakako kirolak (pilota, atletismoa) eta Multikirolak. Guztira 300 kirolari baino gehiago hasiko dira. Xakean, adibidez, ez da etenik izan eta aurrera jarraituko dute. Azken hori pozgarria da ze, hasieran 8 ume hasi ziren, eta momentu honetan 26 ari dira (LH1 LH2 eta LH 3ko ikasleak)
Eta ez dut aipatu barik utzi gura Eskola Kirola ez litzatekeela posible izango gure entrenatzaile eta begiraleen lanik barik. 45 neska-mutilek dihardute zeregin horretan.
“Eskola Kirola ez litzateke posible izango gure entrenatzaile eta begiraleen lanik barik. 45 neska-mutilek dihardute zeregin horretan”
Zelan jakinaraziko zaie familiei?
Familiek asteroko buletinean jasoko dute informazioa. Era berean, eratuta dauden taldeetan ordezkarien bitartez, eta beste guztietan e-postaz jasoko dute informazioa. Hala ere, inork zalantza edo galderaren bat balu, jar dadila nirekin harremanetan (telefonoz edo e-postaz: uzamalloa@kurutziagaikastola.eus).
Kurutziaga Ikastolan ere guraso talde bat antolatu zen Eskola Kirola martxan jartzearen alde. Zer deritzozu Bultza Kirola eta beste plataforma batzuk egindako lanari?
Guztion ahotsa bilakatu dira. Eta gure kasuan, ikastolan batu den guraso taldeak egindako lana eta bidalitako laguntza benetan eskertzekoa izan da. Niri dagokidanez, lagungarria eta ez ahaztekoa izan da. ESKERRIK ASKO! Zein garrantzitsua den kirola eta jarduera fisikoa egitea. Eta guzti hori, lagunekin bizitzea!
“Ikastolan Eskola Kirolaren alde batu den guraso taldeak egindako lana eta bidalitako laguntza benetan eskertzekoa izan da”
Koronabirusaren inzidentzia maila igoko balitz bertan behera geratu litzateke berriz Eskola Kirola, ezta?
Bai, horrela da. 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua balego, bertan behera geratuko litzateke eta egoera hobetzean berriro hasi. Hori da aldaketa nagusia, niretzat. Aurretik aukera hori ere ez dugu izan.
Zeuri dagokizunez, eta daukazun arduratik, zelan daroazu egoera? Zelan begiratzen diozu etorkizunari?
Ba, etsita batzuetan, beste batzuetan haserre… Baina beti prest martxan hasteko! Epe laburrera, astelehenean hasten dugun egoera berria etenik barik mantentzea espero dut. Egoerak txarrera egin ez duela adieraziko luke. Udaberrian, azken hiruhilabetean, zapatuetan gure inguruko taldeekin topaketak egin ahal izatea da gure nahia.
Azpimarratu gurako zenuke besterik?
Gure umeek askotan erakusten eta gogoratzen digutela zer egin behar dugun, eta zer ez. Horretan, gu baino zentzun gehiago daukate. Beraz, badakigu, ez dezagun zapuztu egoera berri hau. Kirola egitea segurua da. Eskuak garbitu, musukoa jarri eta taldean gozatuko dogu! Aupa Kuru!