Talde-lanean, ikasbidairako dirua biltzen: “Zer egin eta zelan egin guk aukeratzea paregabea da”

Nondik sortu zen taldea? Zertan datza zuen jarduerak?

Gela bakoitzean ordezkari bi aukeratu genituen, eta lanean hasteko prest eta gogotsu zeuden guraso batzuk ere ordezkariekin batera hasi ziren. Geroztik, batzar batzuk egin ditugu hainbat gauza adosteko: bidaia nora egin, zer ekintza antolatu, etab.  Gainera, guraso eta ordezkarion artean hainbat talde egin genituen:

  • ⁠ ⁠Otzarak
  • ⁠ ⁠Bizkotxoak eta tortilak
  • ⁠ ⁠Agentzia
  • ⁠ ⁠Gazta, bonboiak, poltsak…
  • ⁠ ⁠Bigarren eskuko azokak
  • ⁠ ⁠Ekonomia

Kontatuiguzue zer egin duzuen orain artean

Orain arte, batzar nahiko izan ostean, hainbat ekintza egin ditugu. Jolas-orduetan bizkotxoak saltzea, otzaren zozketak egitea, bigarren eskuko pare bat azoka eta pernil pare baten zozketak ere bai.

Zein garrantzitsua da zuentzat gauzak antolatzeko eta egiteko aukera hau edukitzea?

Opari bat da guretzat, gure ikasbidaiko dirua guk lortzea plazer bat da. Gurasoen laguntzari esker ere bada. Gainera, zer egin eta zelan egin guk aukeratzea paregabea da.

Zer duzue aurreikusita hemendik aurrera? Zer egingo duzue?

Lan nahiko dugu aurretik. Orain gazta eta poltsak saltzen gabiltza, horrez gainera otzara bat lortzeko errifak saltzen ere ari gara. Eta lan gogorrena egiteko laster jarriko gara martxan: jaialdia, alegia. Bertan bokatak eta edariak saltzea da gure asmoa.

Zein garrantzitsua da gazteek ekimena edukitzea, nahi dutena lortzearen bidean lan egitea?

Ikasle gehienak ahal duten guztia ematen ari dira ikasbidaia aurrera eramateko eta horrela lana asko errazten da. Bestalde, badaude beste ikasle batzuk ez dutenak gogo askorik jartzen. Orain, jaialdia dator eta hor denok gogor lan egin beharko dugu. Erronka handia izango da.