Nerea Mujika: ” Durangon 100 ekitalditik gora izango dira bost egunetan. Ikusi, gozatu eta erosi”

Nerea Mujika Ulazia Gerediaga elkarteko presidentea 2004. urteaz geroztik. Deustuko unibertsitateko irakaslea ogibidez, atzera-aurrera handiko egunak izango ditu datozenok Durangoko Azokaren 55. edizioa izango dugulako., Covid-19ak baldintzatutako edizio “berezia” aurtengoa. Kurutziaga Ikastola ere gertu-gertutik ezagutu du Nerek, guraso izan delako bertan.

Durangoko Azokak eta Kurutziaga Ikastolak pare-pareko adina dute. Ez da kasualitatea biak garai berean jaiotzea, ezta?

Begira, bien sorrreran pertsona bat ezagutu nuen nik. Leopoldo Zugaza. Euskal kulturarekiko eta euskal hezkuntzarekiko haren ardurak eta ekinak ipini zituen bi ekimenak martxan. Gero, jakina, 60ko hamarkadan bizi zen giroa eta egoerak ere eragina izan zuen. Baina Durangon, zorte handia izan dugu Leopoldo moduko ekintzaileak izaten eta bere inguruan batutako beste hainbat lagun ere bai, askotan anonimotasunean geratu izan direnak.

Biak ezagutu dituzu barrutik garai ezberdinetan. Zelako esperientzia izan da?

Oso ezberdinak, baina aldi berean antzekotasunak be aurkitu ditzaket. Nire neba Andoni ikastolako lehenengo promoziokoa izan zen eta gogoan daukat amak zenbat batzar egiten zituen sasoi haretan. Eta “Non?” askotan errepikatzen zen galdera bat izaten zen. Ikastolak non izango zuen lekua.
Durangoko Azokaren historian zehar ere, hori askotan errepikatu izan den galdera da. Orain, Landakogunea dauka leku finko eta erdigune, baina urte askotan azokaren urteroko kokapenaz galdera egiten genion gure buruari… eta orain ere lekuarekin bagabiltza… nun edo zelan zabaldu azoka Durangon zehar.

“Ahalegin eta esfortzu handiarekin antolatu dugu aurtengo Azoka. Ea, lehenengo Azokan hartutako sorpresa berdina hartzen dugun”

Durangoko Azoka Andramariko elizpean ezagutuko zenuen eta aurten, pandemiak hala eraginda, “digitala” izango da hein handi batean. Aldaketa itzela.

Handia izan da, bai, aldaketa. Egokitu eta moldatzen joan gara Azoka urteek aurrera egin ahala, eta aurten ere hori egokitu zaigu. Digitalera pasatzea lan handia izan da guretzat eta lantaldeari balore handia ematen diot horretarako gauza izan delako. Eta antzeko saltoa edo handiagoa izango zela imajinatzen dut 1965ean lehenengo azoka antolatzen hasi zirenean, zelako erantzuna izango zuten jakin gabe.

Gu, orain, egoera horretan gaude. Ahalegin eta esfortzu handiarekin antolatu dugu aurtengo Azoka, digitala hein handi batean, eta zer erantzun izango dugun ez dakigu. Ea, lehenengo azokan hartutako sorpresa berdina hartzen dugun.

“Durangoko Azoka martxan jartzea bakarrik ez da nahikoa Erosi ere egin behar genuke zeozertxo, bakoitzak ahal duen neurrian, eta parte hartu ekitaldietan”

Pandemia honek gure gizartearen oinarriak jarri ditu kolokan. Bide batez, euskal kulturaren egoera hauskorra azaleratu duela uste duzu?

Bai, baina euskal kulturaren hauskortasuna eta bizi duten egoera gogorra eta prekarioa pandemia gabe ere askotan ikusi dugu. Beste alde batetik, euskal sortzaileek, itxialdian zehar etxe barruko orduak eta orduak eroangarriago egiten zenbat lagundu diguten!… Trukean ezer eskatu gabe gainera, eskuzabaltasunez. Horrek zer pentsatu eman beharko liguke, eta esku bat bota ahal denean bota.

Edizio “berezia” izango da aurtengoa, baina gonbidatu gaitzazu, hala ere,  Durangoko Azokan parte hartzera.

Durangoko Azoka martxan jartzea bakarrik ez da nahikoa. Erosi ere egin behar genuke zeozertxo (denda), bakoitzak ahal duen neurrian, eta parte hartu ekitaldietan.
Durangon 100 ekitalditik gora izango dira bost egunetan. Horrelakorik noz izan da herrian, ia ia durangarrentzat bakarrik antolatuta? Zorioneko sentitu beharko ginateke… Aprobetxatu, atara zukua!  Ekitaldi guztiak doakoak dira, www.durangokoazoka.eus webgunetik sarrera erreserba egitea baino ez da behar. Ez galdu aukera! Eta pentsatu, klik egiten duzuenean, atzean, bestaldean, gure orduak eroangarriago egiten laguntzen diguten sortzaileak daudela.