Durangoko Azokaren barruan, PortaDA! leihaketa antolatzen du Gerediaga elkarteak urtero. Liburu eta disken azalak ilustrazio legez hartuta, azal propioa sortzean datza leihaketa. Aurten, Malen Bilbao LHko 5. mailako ikasleak irabazi du LHko leihaketa, Karmele Jaioren Hamabost Zauri liburuan ilustratutako portadari esker. Beragaz berba egin dugu.
Lehenbizi zorionak! Zelan jakin zenuen PortaDA leihaketa irabazi zenuela?
Bada, kaletik ikastolako irakasle bategaz gurutzatu nintzen eta galdetu zidan ea posta elektronikoa begiratu nuen. Etxera bueltatzean begiratu nuen eta sorpresa eroan nuen. Irabazi nuenaren jakinarazpena heldu zitzaidan. Oso pozik jarri nintzen.
Zelan bururatu zitzaizun ilustrazio hori egitea?
Egia esan, ez dut askorik irakurtzen, eta Hamabost zauri liburua ez dut irakurri ere. Baina ahizpak eman zidan ideia, esan zidan: “Zergatik ez duzu liburu honena egiten?”, eta horrela egin nuen. Beraz, ahizpari eskertu behar diot zati handi baten (barreka)
Durangoko Azokan egon zara? Zer begiratu edo eskuratu duzu?
Hainbat musikariren sinadurak batu nituen: Izaro, ETS, Bulego, Go!azen… hainbat artista ikusi ditut. Gainera, bideojoko batzuk ere probatu ahal izan ditut, lagunekin joan nintzen horiek probatzera.
Zer da zuretzat Durangoko Azoka? Imajinatzen zenuen horrelako jendetza egotea Durangon?
Ez nintzen kontziente azokan batzen zen jende kantitate handiaz. Durangoko Azokak musika talde, liburu edo jolas berriak ezgutzeko balio izan dit niri, eta oso polita da.
Ea, galdera laburrak egingo dizkizut: Liburu bat?
Onin liburuak gustatzen zaizkit. Onin eta baso misterioa liburuaren aurkezpena egin berri dugu ikasgelan. Irakurzaletasuna sustatzeko lanketa hori egiten ari gara ikasgelan.
Ikus-entzunezko bat?
Go!azen, asko gustatzen zait.
Musika talde bat?
Bulego.