“Kurutziaga Ikastola, GoiEner enpresako bazkide”

Urko Rodriguez (Kurutziaga Ikastolako Zuzendari Gerentea)

2020an Kurutziaga Ikastola GoiEner-eko bazkide egin zen. Energia berriztagarriak bultzatuta, tokiko garapena sustatuta eta pertsonen parte hartzea ardatz nagusi hartuta, eredu energetikoa aldatzearen aldeko irabazi gabeko egitasmo batean parte hartzea esan nahi du GoiEner-en bazkide izateak, eta Kurutziagak horren aldeko apustua egin du.

Goiener E.Koop. energia % 100 berriztagarria merkaturatzen duen enpresa baino askoz ere gehiago da; bazkideak kontsumitzaile hutsak izatetik modu kolektiboan eta demokratikoan kooperatiba barruan erabakiak hartzera arteko aukera dute.

Ingurumenaren aldeko keinua

Zergatik erabaki hau? Ingurumenaren aldeko keinu esanguratsu bat delako, Hezkuntza eraldatzen ari garela badiogu ikastolok, gizartea eraldatzeko ere bada. Larrialdi ekologikoko garaiotan, ezinbestekoa da ingurumenaren aldeko ekimenak biderkatzea, eta gure apustua ekimen horietan parte hartzea izan behar da.

Zergatik Goiener-ekin? Goiener kooperatiba bat delako eta azken urteotan erakutsi du eraldaketa horretan eragile eraginkorra dela. Ingurumenaren aldeko apustua egin du, argi indarraren ahalik eta kontsumo arrazional eta eraginkorrena bultzatuz, subiranotasun energetikoa berreskuratzeko helburua duelako eta energia kontsumotik sorkuntzarako jauzia ere egin duelako.

Hitzarmen honen bitartez energia berriztagarrien aldeko hautua egitera eta energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa lortzeko bideak urratzera eramaten gaitu. Horrek esan nahi du, aurrera begira apustu berriak egin behar ditugula. Horretan ari gara.