‘Sasi artean Elgeta’ komikia argitaratu dute

Jazinto Rivas ‘Elgeta’ trikitalari maisu handia ekarri du Xabiroi komiki aldizkariak bere bildumara. 2018tik aldizkarian atalka argitaratua, liburu batean bildu dituzte guztiak.

“Elgetari buruz gehiago da ez dakiguna, dakiguna baino”, aitortu du Koldo Izagirre idazleak, komikiaren gidoigileak.  Elgetari buruz dakiguna, hein handi batean, Koldo Izagirre berari zor diogu, berak idatzi baitzuen 2001ean Trikitixa Elkarteak sortutako Soinuaren Liburutegia bildumarako ‘Elegeta, sasiaren sustraiak’ liburua.