Iritzia: “Mugikorra: zenbat eta beranduago, hobeto”

Idoia Marin (LHko koordintzailea)

Teknologia berrien erabilera eta horiek gure gazteengan izan dezaketen eraginaren kezka aspaldikoa da irakasleen eta familien artean. Hori dela eta, hainbat izan dira ikastolan orain arte egin izan ditugun formazioak irakasleei, ikasleei edota familiei zuzenduta. Orokorrean, teknologia hauen erabilerari buruzko gaiak izan dira saio hauetan landutakoak: sare sozialak, pribatutasuna eta intimitatea, arriskuak, ziurtasunak… Urtero, momentu eta programa desberdinen bidez lantzen ditugun gaiak maila jakin batzuetako ikasleekin.

Orain urte batzuk, formazio eta programa hauek goiko mailetako ikasleei zuzenduta zeuden, baina pixkanaka, programa horien hartzaileen adina jaisten joan da. Izan ere, gero eta lehenago hasten dira gure ikasleak gailu berriok eskaintzen duten beste mundu horregaz harremanetan. Gero eta lehenago hasteaz gain, gero eta denbora gehiago ematen dute pantaila horien aurrean.

Konexioa haurren aisiaren parte garrantzitsua bilakatzen ari da/gara, eta benetan kezkagarria da. Kezkagarria da smartphone-en jabe berriak gaztetxoak izatetik haurrak izatera pasatu izana. Kezkagarria da halaber, hainbat haur eta gaztek inolako araurik eta kontrolik barik erabiltzea mugikorra.

Ikastolan kezkaz bizi dugu gai horrek hartu duen abiadura eta balazta sakatzea nahiko genuke. Gelditu, pentsatu, hausnartu, partekatu… eta erabakiak kontzienteki hartu. Familiari dagokio haur eta gazteen aisiari buruzko edozein erabaki, baina komunitate bat osatzen dugun unetik, elkarrekin arraun egitea dagokigu, beti ere, gure haur eta gazteak ahalik eta pertsona askeenak izateko helburuarekin.

Bide horri ekin dio LH4ko guraso talde batek (18 familia) ikasturte honetan. Euren helburuen artean mugikorraren erosketa ahalik eta gehien atzeratzea. Izan ere, horrelako gaien aurrean, askotan, familiak oso bakarrik sentitu daitezke. Horregatik da hain garrantzitsua erabakia kolektiboa izatea: ezina, elkarrekin ekinez egina!

Izan daitezela etorkizuenan gero eta familia gehiago era horretako erabakiak hartzera ausartu eta animatuko direnak, ikastolaren laguntza eta babesa izango dute bide horretan.