Nora Intxaurbe Morales (DBH4ko ikaslea)
DBH4ko ikasleen ordezkari bezala idazten dizuet, internetera sarrera ematen duten gailuei buruz dudan iritzia azaltzeko.
Gaur egun interneta komunikatzeko era garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Gero eta gazte gehiago hasi dira interneta behar duten gailuak erabiltzen, nahiz eta honek ardura handia suposatu gurasoei, erabilerak gazteei arazoak sortu ahal dizkielako. Gai honi buruz ikuspegi oso bat izateko kontuan izan behar da, gurasoek ere, beraien egunerokotasunean, internetari erabilera bat ematen diotela.
Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal garatzera.
Hasteko, gazteok gailuei ematen diogun erabilera azalduko dizuet. Batetik, onurak. Interneta erabiltzeak hainbat onura, abantaila eta alde on ditu. Garrantzitsuenak, komunikazioa, informazio pilaketa eta aplikazioak. Urrutiko zein hurbileko lagunekin eta familiakoekin komunikatzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Bestetik, gai guztietako informazioa, argazkiak, berriak etab. bilatzeko ezinbestekoa dugu, hau da, ikaskuntza garatzeko. Gainera, oso erabilgarriak diren aplikazioak gozatzeko baliagarria izaten zaigu. Esaterako, autobusaren ordutegiak bilatzeko, galduta bazaude mapak ikusteko…
Nolanahi ere, baditu bere alde txarrak. Esate baterako, nahi gabe denbora gehiegi pasatu dezakegu edozein gailuren aurrean eta horrek, etorkizun batean, arazoak sortzen ditu gazteengan: arreta falta, alferkeria, eta hainbat arazo gehiago. Hori gutxi balitz, birusak sartu ahal dira gailuetan, identitatea usurpatu ahal digute, sare sozialetara igotako informazioarekin (argazkiak barne) mehatxatu egin gaitzakete…
Beraz, interneta gaur egun, beharrezkoa iruditzen zait gazteontzako, beti ere erabilera kontrolatua ematen bazaio.
Bestetik, azpimarratzekoa da gazteok orokorrean sare sozialei ematen diegun erabilera, batez ere, mugikorren bitartez. Horietatik ezagunenak: WhatsApp, Instagram, Twitter, Facebook, TikTok, SnapChat… Arriskurik handiena da bertan partekatzen dugun informazioak arrasto digital bat uzten duela betiko, edo beste erabiltzaile batek gure informazioa zabaldu ahal duela.
Eta gurasoen erabileraz zer?
Bada, gurasoek ere, nahiz eta askotan gazteak salatu, ez dira konturatzen gauza bera egiten dutela. Hau da, batzuetan guk egin behar ez duguna esan, beraiek hori egiten ari diren bitartean. Baina kasu hau, familia bakoitzean desberdina izan daiteke.
Bukatzeko, pandemiaren egoera ikusita gazteengan fokalizatzen ari da mugikorren arazoa. Izan ere, berrogeialdian ezinbestekoa zen mugikorra komunikatzeko eta lan egiteko. Hori dela eta, mugikorraren zein internetaren erabilera asko igo da eta ematen dituen abantailak izugarrizko eragina izan du gazteongan. Halaber, lan egiteko orduan, ikasleok orokorrean, asko aurreratu dugu. Dena den, komunikatu eta lan egiteko era hau, geratzeko etorri da eta izugarrizko menpekotasuna sortu du gazteongan.
Hortaz, aurreko guztia laburbilduz, honako ondorioak atera daitezke: gazteok beharrezkoak ditugu interneta erabiltzeko gailuak. Komunikatzeko, lan egiteko, informazioa bilatzeko…. erabiltzen ditugu. Hala ere, tresna hauei erabilera ona ematen irakatsi behar da, bai erabilerari eta baita erabiltzen ditugun denborari dagokionean ere.