Amaia Zarrabeitia Salterain (Partaidetza eta eraldaketa sozialeko profesionala Elhuyar aholkularitzan)
Artezkaritza Batzordean parte hartzeaz
Urtea badoa, 2020 honen azken egunak ate joka ditugu. Normalean egun hauek izaten dira urtearen balantzea edo balorazioa egitekoak, urtea zelan joan den, zer itxi dugun egin barik, zer egin dugun aspaldian egiteko geneukana… baina ez naiz hasiko aurtengo urteari buruz ezer esaten, nahikoa egin dugu berba aurtengoari buruz lehen ere.
Eskatu didate aurrera begira jartzeko, azpimarratzeko Kurutziaga Ikastola osatzen dugunok komunitate bat osatzen dugula, eta kooperatiba bat garen heinean eskubideak, eta baita betebeharrak ere baditugula. Guraso izateak dakarrela kooperatibako kide izatea eta, tartean, ikastolaren funtzionamendua bermatzeko egiturazkoak diren espazio edo organoetan parte hartzea garrantzitsua dela.
Kontua da proposatu didatela guraso lez Artezkaritza Batzordean parte hartzea eta baietz esan dudala. Baietz esan dut ezetz esateko arrazoi sendorik ez dudalako topatu, eta uste dudalako gure komunitate honek funtziona dezan erantzukizunez jokatzea dagokidala. Izan ere eskubideak izatea ondo dago, baina gutako bakoitzak ardurak hartzea ere ezinbestekoa da ahalik eta zerbitzu onena, konfiantzazkoena, anitza izan gura badugu.
“Izan ere eskubideak izatea ondo dago, baina gutako bakoitzak ardurak hartzea ere ezinbestekoa da ahalik eta zerbitzu onena, konfiantzazkoena, anitza izan gura badugu”
Gure ikastolak duen balio garrantzitsuenetako bat berau osatzen dugun komunitatea da, eta gaur egun ikastola dena izatera ailegatzeko komunitate hori osatzen dugun gutako bakoitzak egiten dugunak edo egiteari uzten diogunak aberasten du. Asko gara eta lan asko dago egiteko, horregatik garrantzitsua deritzot gutako bakoitzak zeozer egiteari eta ardura desberdinak hartzeari. Besteak beste asko ikasteko eta aberasteko aukera eder bat ere badelako, baina baita dena errazten delako gutako bakoitzak ardura bat hartzen badugu gutxi batzuen esku geratu beharrean.
Nik gogotsu ekingo diot, nire hutsune eta indarguneekin, eta badakit bidelagun onak aurkituko ditudala. Beste etapa bat izango da eta Ikastola beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izatea espero dut. Urte batzuetarako izango da, gero beste batek hartuko du lekukoa. Holan izan behar du.