Urko Rodriguez (Kurutziagako Zuzendari gerentea)
Amazon ala herriko merkataritza?
Amazonek egindako eskaintza baten berri jakin dut egunotan. Honela dio (gazteleraz): “A partir del 21 de septiembre hasta el 21 de marzo de 2021, Amazon donará a los centros educativos un porcentaje de todas las compras realizadas por aquellos clientes que se hayan unido a la iniciativa”.
“Pandemiaren krisian gehien aberastu den enpresak ikastetxeei dohaintzak egiteko asmoa erakutsi du”
Pandemiaren krisian gehien aberastu den enpresak ikastetxeei dohaintzak egiteko asmoa erakutsi du, aurretiaz, noski, beraien web gunean erosketak eginez gero. Ez naiz sartuko lortutako mozkinen emaitzetatik ia zergarik ordaintzen ez duen erakunde baten estrategia komertzialean, baina bai ondorioetan:
Kaleak hustu dituen pandemia honek hil ala biziko egoeran jarri du herriko merkataritza eta ostalaritza. Udaberrian, etxean sartuta egonda, kontsumorako bideak zabalik eduki ditugu web bidez, behar izan duguna eta behar ez genuena erosteko, herriko dendak itxita egon diren bitartean.
Ikastolok herri ekimenetik eta ekarpenetatik jaio, bizi eta egin dugu aurrera. Laguntzak jaso ditugu norbanakakoengandik, erakunde publiko eta pribatuengandik (tartean multinaziolak, hori ere onartu beharra dago), eta baita herriko merkatariengandik ere.
Durangon antolatu dugun Ibilaldi bakoitzean hainbat ate jo ditugu laguntza eta babes eske, eta erantzuna beti izan da baiezkoa. Beharbada, aspaldi egin beharreko kontua izan zen, baina krisi honek begiak zabaltzeko aukera eman digula uste dut. Behar izan dugunean laguntza jaso dugu, orain guri dagokigu eskua luzatzea.
“Behar izan dugunean laguntza jaso dugu, orain guri dagokigu eskua luzatzea”
Horregatik, begi onez ikusten dut aurten, ohiko gabonetako loteriaren ordez herriko merkatariekin batera egingo dugun gabonetako zozketa berria. Geure herrira begira egindakoa. Herriko beste eragile batzuekin gure hartuemana sendotzeko ere balio duena. Hartu eta eman. Eman eta hartu.
Asmatuko dugulakoan nago.