Kurutziagako Euskara Taldea Euskaraldirako motorrak berotzen

Jolastordua da baina Teknologia-gelan hogei bat ikasle jo eta ke ari dira. Kurutziagako Euskara Taldekoak dira, DBH3 eta DBH4koak. Bihar (ostirala) hasiko den Euskaraldiaren bigarren ediziorako kartelak eta pankartak ari dira prestatzen.

Aste honetan egunero batzen ari zarete, ezta?

Bai. Normalean astean behin batzen gara baina Euskaraldia dela-eta, asteon jolastordu guztietan elkartzen gara. Eta, joan den astetik gehiago, arratsaldero, 16:30etan, mahaia jarri dugu ikastolako irteeran gurasoek Euskaraldian izena eman dezaten.

Eta, zelan joan da izen ematea?

Batzuk egin ditugu, baina beste kasu askotan, Euskaraldiko bulegora (Zumalakarregi kalean) bideratu dugu jendea.

“Ulertzen dugu helduei bideratutako ekimena izatea (Euskaraldia) baina guk ere gure aletxoa jarri gura dugu eta ikastolan jendea sentsibilizatu”

Euskaraldian parte hartzeko 16 urtetik gorakoa izan behar da. Ikastolan, ostera, Altxorbizi figura sortu da ikasleentzat. Zergatik?

Ikasleok ere parte hartu gura dugulako. Ulertzen dugu helduei bideratutako ekimena izatea baina guk ere gure aletxoa jarri gura dugu eta ikastolan jendea sentsibilizatu.

Goazen horretara. Zelan ikusten duzue euskararen erabilera ikastolan bertan?

Ikastolan euskara dexente erabiltzen dela uste dugu. Hemendik kanpora gaitzagoa da erabilera. Askorentzat ez da erosoa euskaraz aritzea, ez dute erraztasunik edo “eskolako hizkuntza” baino ez da eurentzat. Hala ere, jarrera kontu bat ere bada, eta gu euskarari eusten saiatzen gara hemen zein kanpoan.

Zeuok aipatu duzue: “hemen eta kanpoan”. Gazteon aiasialdian, oro har, zer leku du euskarak?

Musika badago liburuak, antzerkia… Hori egia da. Beste kontu bat da interneten eta sare sozialetan zer dagoen: Tik-Tok, Instagram, Youtube… Hor, gazteleraz edo inglesez dago ia dena.

“Helduentzako eduki dexente dago sarean euskaraz. Umeentzat ere badaude gauzak. Baina guretzat apenas dagoen ezer”

Beraz, aipatu dituzuen saroetan somatzen duzue euskararen hutsunea?

Bai. Helduentzako eduki dexente dago sarean euskaraz. Umeentzat ere badaude gauzak. Baina guretzat apenas dagoen ezer, eta hori gero igarri egiten da erreferentzietan. Ahalegin berezi bat egin beharko litzateke hor.

Zer mezu zabaldu gurako zenukete bihar Euskaldia hasiko dela baliatuz.

Lehenengo hitz euskaraz egiteko beti. Eta, “Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan!”

Teknologia gelan utzi ditugu Euskara Taldeko gazteak. Ikasgelaz-ikasgela aurkeztu behar den Euskaraldiko Konpromisoa nortzuk aurkeztuko duten erabakitzen. Eskerrik asko!

Euskaraldiko konpomisoa Kurutziagan