Atzo, abenduak 16, Kurutziaga Ikastola kooperatibaren Batzar Nagusia burutu genuen San Agustin Kulturgunean. Ez da ohikoa Batzar Nagusia ikastolatik kanpo egitea baina osasun neurriek behartuta jo genuen San Agustinera (gure eskerrak bertako langileei euren arreta eta erraztasunengatik).
59 bazkide batu ginen San Agustin Kulturgunean eta, beste 30 botu delegatu gehituta, guztira 89 bazkide egon ginen ordezkatuta. Kooperatibako bazidegoaren %10aren ordezkaritza gainditu bazen ere (ezinbestekoa bigarren deialdian batzarrari ekiteko), beste behin ere azpimarratu behar dugu eskasa deritzogula parte-hartzeari (Batzar Nagusia streaming bidez jarraitzeko aukera ere bazegoen). Kontuan hartuta ia 700 familiak osatutako bazkidegoa dela Kurutziaga Ikastolarena, ezin ukatu arduratuta gaudena.
Batzar Nagusian hainbat gai azaldu eta bozkatu ziren:
Kide berriak Artezkaritza Batzordean
Artezkaritzako kide barrien izendapena egin zen. Joseba Urretabizkaiak, Amaia Garitanok eta Alex Ortuzarrek euren kargualdia amaitu zuten atzoko batzarrarekin. Hiru kideok utzitako hutsunea betetzeko Amaia Zarrabeitia, Unai Sanchez eta Xabier Ibarzabal izan ziren aukeratuak.
Gure eskerrik beroenak Joseba, Amaia eta Alexi eta ongi etorria Amaia, Xabier eta Unairi.
Estatutuen aldaketa
COVID-19ak eragindako beharrei erantzuteko, estatutuetan aldaketa bat egitea dostu zen: aurrerantzean, egoerak horrela behartzen duen kasuetan, Batzar Nagusiak modu telematikoan egin ahal izango dira legezko eragozpenik gabe.
Deskargua eta kontuen onarpena
Honekin batera iazko memoriaren deskargua egin zen eta 2019-2020 ikasturteko kontuen onarpenerako bozketa egin zen.
2020-21erako kudeaketa plana
2020-2021 ikasturterako kudeaketa plana bozkatu eta onartu egin zen bere aurrekontuarekin.
Azkenik, Batzar Nagusi bukaeran, Durangoko merkatarien Dendak Bai elkartearekin antolatutako Gabonetako Zozketaren zenbaki saridunak atera ziren.