Idoia Marin (Lehen Hezkuntzako koordinatzailea)
Lelo ederra Euskaltzaleen topaguneak aukeratu duena azaroan martxan jarriko duen ekimenarentzako. Euskararen normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzeko beste helduleku bat.
Guraso, zaintzaile eta bestelako hezitzaileen hizkuntz portaeretan eragitea du helburu azaroaren 22an hasi eta abenduaren 5ean bukatuko den ekimenak. Izan ere, belaunaldi gazteengan eragitea eta beraiek euskaldun aktiboak izatea gura badugu, helduok ardura handia daukagu.
Ez da erraza inkoherentziarik barik bizitzea, ez horixe! Baina gure haurrak euskaraz hezteko eta bizitzeko hautua egin dugunean, ba al du nondik hartu helduon artean erdaraz aritzeak? Inkongruentzia horregaz jabetzen lehenak umeak dira. Eta beraiei zuzenduta egiten dugun ezerk ere ez du izango gure portaeren besteko eraginik. Zer ikusi, hura ikasi!
Sarri aipatzen dugu gaur egungo haur eta gazteen gabezia handienetariko bat erreferente euskaldunen falta dela, baina ez dezagun ahaztu gu garela beraien erreferenterik gertukoenak. Izan gaitezen eredu, haurren aurrean (eta bestela ere bai), helduok heldu diezaiogun euskarari!