LH: Oroimenaren txokoa

Duela urte batzuetatik hona, sasoi honetan, LHko geletako tutoretza saioetan askotan alboratua izaten dugun gaia mahaigaineratu eta sentsibilitate osoagaz lantzen dugu. Heriotzaz, doluaz eta oroimenaz ari gara. Guztion barrua mugi dezaketen gaiak izanik, ikaragarria da gaiaren inguruan nolako naturaltasunez berba egiteko gai diren umeak. Asko dugu ikasteko beraiengandik.

Aurtengoan, Uxue Alberdiren eta Araiz Messanzaren Hili liburua erabili dugu geletako saioak bideratzeko. Liburuan agertzen diren hainbat galderek gidatu dituzte geletako hausnarketak. Ederra bezain aberasgarria izan da!

Aukera baliatuz, ekaina bukaeran sortutako oroimenaren txokoaren aurkezpena egin zaie ikasleei. Eta orain dela hilabete gutxi gure artetik joandako Belen, jantokiko lankidea, gogoratu gura izan dugu elkarregaz. Soilik ahazten dena galtzen delako, beti irribarre bategaz gogoratuko dugu.

Jantokiko lankideek ere parte hartu dute ekimen xume honetan. Eguraldiak ez du lagundu oroimenaren txokoa nahi genituen oroigarriekin janzterako orduan, baina ez da muga izan gure oroitzapenetarako, eta pentsamendu ederrez kutsatu du gure ingurua.

Izan zirelako gara, garelako izango dira.