Hektor Orbe: “Ikastola herri ekimeneko erakunde bat da eta gurasook kudeaketa organootan egoteko eskubidea eta betebeharra daukagu”

Hektor Orbek Kurutziagako presidente karguan egingo duen lehenengo Batzar Orokorra izango da ekainaren 9koa (19:00etan, San Agustin Kulturgunean). Covid19ak guztiz baldintzatutako ikasturte honen balorazioa egin eta datorrenerako asmoak azaltzeko unea eta gunea izango da.

Ekainaren 9an (asteazkena), San Agustin Kulturgunean izango da Batzar Nagusia, ezta?

Bai. Badirudi osasun egoeraren gaineko pertzepzioa aldatu dugula baina, guri dagokigunez, neurriak betetzen jarraitu behar dugu eta antolaketari begira egokiago ikusten dugu San Agustinen egitea. Ea hurrengoa geurean egiterik daukagun.

“Batzar Nagusian ikastolako 400dik gora familiak bete duten asebetetze inkestaren emaitzen irakurketa egingo dugu”

Zeintzuk izango dira landuko diren gai nagusiak?

Alde batetik ohikoak direnak: ikasturtearen balorazioa, datorrenerako asmoak, kuotak… Beste alde batetik, ikastolako 400dik gora familiak bete duten asebetetze inkestaren emaitzen irakurketa egingo dugu eta, azkenik, guretzako puntu oso garrantzitsua dena: Artezkaritza Kontseiluaren eraberritze partziala.

Zergatik azpimarratzen duzu Artezkaritzaren eraberritzearen garrantzia?

Ikastola herri ekimeneko erakunde bat delako eta gurasook, parte eta jabe garen neurrian, kudeaketa organootan egoteko eskubidea eta betebeharra daukagulako. Bide batez esanda, baita Batzar Nagusian parte hartzekoa ere.

Artezkaritza Kontseiluari dagokionez, ikastolako bederatzi gurasok osatzen dugu eta aldian-aldian eraberritu egiten da. Beraz, norbaitek bere burua aukeztu nahiko balu, idatz dezala Artezkaritzako epostara (artezkaritza@kurutziagaikastola.eus). Harrera ezin hobea egingo diogu!

“Euskal Herriko ikastolek hausnarketa orokor bat dute martxan eta horri ere heldu behar diogu”

Zer gairekin ari zarete orain Artezkaritzan?

Badaude Kurutziagari dagozkion hainbat gai, unean unekoak eta Plan Estrategikoan zehaztu genituenak ere. Beste plano batean Euskal Herriko ikastoloi, kolektiboki, dagozkigun gaiak ere badaude. Hausnarketa orokor bat dago martxan ikastolen identitateaz, curriculumaz, gizartera proiektatzen dugun irudiaz eta halako gaietaz, eta horri ere heldu behar diogu.

Ekainaren 9an ikusiko dugu elkar eta emango dugu guzti horren berri luze eta zabal.