Egunero daude ikastolan, izan apurtutako zerbait konpontzeko, izan belarra mozteko, udazkenean hostoak batzeko… Goiz eta arratsalde egoten dira Gontzal eta Alex Merino barne eta kanpo espazioa zaintzen, ikasleen eta gurasoen eskura egoera ezinhobean egon daitezen. Ezinbesteko lana burutzen dute anaiek. Biekin egin dugu berba, ikastolako egunerokoa zelakoa den ezagutzeko.
Zer da zuen egunerokoan egiteko zailena, edo ordu gehien pasa behar dituzuena?
Gontzal: Kanpo espazioaren garbiketa izan daiteke gogorrena… oporren ostean gehiago, denbora asko baitago garbitu barik. Jaien osteko egunetan, astelehenetan… Astean zehar, eguneroko lanaren ostean, errazagoa da hurrengo egunean ekitea.
Alex: Halere, kanpokoarena ez ezik barruko espazioen garbiketak ere oso inportanteak dira.
Lekua zaindu ez ezik, babestu ere egin behar da, istripuak gerta baitaitezke. Ikasleekin egiten duzue berbarik horien inguruan? Zelako harremana izaten duzue beraiekin?
A: Ikastolaren kanpo espazioa ez da beste ikastetxeetan aurkitu ditzakegunaren modukoa, berezia da. Hortaz, aukera gehiago dago zerbait gertatzeko, beraz denon artean zaindu behar dugu.
G: Agian Haur Hezkuntzako umeak dibertitzen dira gehiago gugaz, makinekin ibiltzen garenean batez ere. Baina orokorrean ikasle guztiekin dugun harremana polita da, gustora egoten gara.
Ortuaren inguruan ere bazabiltzate?
G: Ortuko lanak landatzea ez dago egoten gure esku, baina guk rotabatorra pasatzen dugu eta mantenuan laguntzen dugu, eta tira konposta ere egin izan dugu barazkiekin. Joan zen urtean tomatea, piperra, kalabaza… jarri ziren ortuan.
“Sekulakoa atera zen uda aurreko auzolana, guraso eta langileak oso gogotsu zeuden laguntzeko”
Udan noiz arte zabiltzate lanean ikastolan? Bueltan, dana sikatuta egongo zen… zelan eman buelta horri?
A: Uztaila bukatu arte egoten gara, haurtzaindegia zabalik baitago eta udalekuek ere pasatzen dira. Uda ostean ohiko lanak izaten dira belarra moztea, areatza apaintzea eta txintaunak ere zaintzea.
Baduzue zuen txoko gogokorik?
A: Tailer bat dugu eta agian hura, baina ez dugu gogoko dugun txoko zehatzik.
Zelan banatzen dituzue lana?
A: Ez ditugu banatzen lanak, biok egiten dugu denetarik. Agian teknikorik etorriz gero edo dena delakoa, Gontzal egoten da gehiago…
Zer egin dezakegu guk (ikasle/irakasle/guraso/langileok) guztiona den espazioa behar bezala zaintzeko?
G: Ez dugu askorik eskatzen. Ikasleei eskatzen diegu instalazioak zaintzea: komunak, takilak… Hori bai, zaindu ez ezik, horiez gozatzea ere gura dugu.
A: Guraso eta irakasleei eskatzen dieguna da zerbait apurtuta edo matxuratuta ikusiz gero abisua ematea.
Auzolana egin zen uda aurretik. Zelan joan zen? Zer ondorio atera zenuten?
G: Sekulakoa atera zen uda aurreko auzolana, guraso eta langileak oso gogotsu zeuden laguntzeko.
A: Guretzat laguntza ederra izan zen, batez ere margotzeko eta belarra mozteko, orokorrean izan zen ederra. Ikastolako langile eta gurasoak eskertu gura ditugu, ea horrelakoak gehiagotan errepikatzerik dugun!