Euskaraldia ikastolan: ” Gurasoak animatu gura ditugu Ahobizi eta Belarriprest izatera”

Idoia Marin (LHko koordinatzailea), Ander Zenitagoia (LH), Mikel Eguren (DBH) eta Uxuri Gallastegi (HH-falta da argazkian) dira Kurutziagako Euskaraz Bizi! programaren arduradunak eta, ondorioz, Euskaraldiarenak ikastolan. Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da eta aurtengoa izango du bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra. “Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan” goiburupean egingo dugu.

Hilabete eskas falta da Euskaraldiaren bigarren edizio honi hasiera emateko eta hasita zaudete prestaketetan, ezta?

Bai. Edizio honen berritasuna da norbanako legez parte hartzeaz gainera, entitate moduan ere parte hartu daitekeela Ariguneak sortuz. Ariguneak entitatearen barruan euskaraz egiteko eremuei deitzen zaie. Bistakoa denez, Kurutziaga ikastola Arigunea izango da.

Baina guk benetan izena eman eta parte hartzera animatu gura ditugunak familiak eta gurasoak dira, izan Ahobizi, zein Belarriprest. Are gehiago, Belarriprest figuran azpimarra berezia gein gura genuke.

“Belarriprestaren jarrerak euskararen radioa zabaltzen lagundu dezake”

Zergatik Belarriprest figuraren azpimarra hori?

Ahobiziaren figurari garrantzirik kendu barik, badakigu ikastolako komunitatean euskal hiztunak ez diren eta euren burua euskaraz aritzeko moduan ikusten ez duten jende askok osatzen duela. Baina hor badago jarrera bat, euskararen aldekoa, aktiboagoa eta ikusgarriagoa bihurtu gura duguna. Belarriprestak ulertzen du eta erantzun ere egin dezake, bakoitzak ahal duen neurrian. Jarrera horrek euskararen radioa zabaltzen lagundu dezake, eta ezinbestekoa da euskal hiztunok ere errazkerian ez jausteko eta gaztelerara ez jotzeko.

Familiak eta gurasoak aipatu ditugu, izan ere, Euskaraldia 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Zer diote ikastolako ikasleek?

Bada, hor badago heldu gura geniokeen gai bat. Aurreko edizioan hainbat ikaslek parte hartu zuten kanpainaren izen-ematean, txapak egin zituzten, irudiak… Baina asko harrituta zeuden eurek rol zehatzik ez izatearekin, eta gura zuten. Beraz, gure asmoa da edizio honekin ikasleentzako rol bat sortzea. Interesgarria iruditzen zaigu bai ikastolan bertan eragiteko baina, baita ere, etxeetan eta familietan Euskaraldiak beste sarbide bat izan dezan. Beharbada, maila orokorrean ere ez legoke txarto ikasleei rol bat ematea. Hor uzten dugu hurrengorako proposamen moduan.

“Ikasleen rola interesgarria da ikastolan bertan eragiteko, eta etxeetan eta familietan Euskaraldiak beste sarbide bat izan dezan”

Eskola-orduetan aparteko lanketarik egiteko asmorik baduzue?

Bai. Euskaraldiak berak adin tarte ezberdinei zuzendutako material didaktikoa eskaintzen du eta erabiliko dugu. Zoritxarrez, aurten, pandemiaren eraginez, ezingo dugu ikasle guztiak batuko lituzkeen ezer egin, ez ikastolan ez Durango mailan. Edozelan ere, irudimena erabiliz aurkituko dugu moduren bat.

Pandemia aipatu duzuenez. Han eta hemen aipatu da konfinamenduak eta aurrez-aurreko eskolarik ezak eragina izan duela euskararen erabileran.

Baiezkoan gaude. Zenbait kasutan sumatu dugu adierazteko erraztasunaren galera bat, erabilera ezarekin lotze duguna. Beste kasu batzuetan, berriz, agerikoagoa da hainbat ikaslek euskararekin duten harreman bakarra ikastolako jarduna delako.

Pandemiak zentzu askotan hauskorrak garela erakutsi digu. Lagunduko al digu Euskaraldiak indartzen?

Indartzeko ez dago ekintza heroikoak egin beharrik. Ahobizi eta Belarriprest aktiboak izatea bera aurrerapauso handia litzateke. Eta ez Euskaraldiak dirauen hamabost egunetan bakarrik, urte osoa daukagu horretarako. Animatu eta eman izena!

EMAN IZENA HEMEN