DBHko Euskara taldekoek ikastolako neska-mutilen euskararen erabileraren neurketak emandako emaitzen inguruko hausnarketa burutu dute azken asteetan. Lehenengo, beraiek egin zuten hausnarketa eta gero, ikastolako neska-mutilekin aritu ziren emaitzak aztertu eta beraien iritzia jasotzen. Hori dela eta, beraiengana hurbildu gara.
Euskara taldeko kideak zarete, zertan datza talde honen dinamika?
DBH3 eta 4ko neska-mutilak gara eta martitzenero eguerdian batzen gara euskararen aldeko ekintza desberdinak antolatzeko asmoz. Mikel irakasleagaz batzen gara, tekno-gela da gure elkargunea, eta 30 ikasle inguru batzen gara. Gure helburuak argiak dira: euskararen erabilera sustatzea eta euskal kulturarekiko atxikimendua lortzea ikastolan, batez ere ikasleen artean.
Urtean zehar jaialdiak, lehiaketak, eta dinamika desberdinak antolatzen ditugu. Orain, esate baterako, euskararen erabileraren neurketaren inguruko hausnarketa burutu berri dugu. Bestalde, kanpotik datozen ekimenak (Korrika, Euskaraldia,..) ikastolan zabaltzen ahalegintzen gara. Eta esan beharra dago ederki pasatzen dugula.
Aurten ere ikastolako neska-mutilen euskararen erabileraren neurketa egin dute bertako hainbat kidek, eta zuek neurketa horren emaitzak aztertzeko aukera izan duzue. Zer nabarmenduko zenukete emaitza horien inguruan?
Iaz ere neurketak egin ziren eta biak alderatzen baditugu, emaitzak apur bat onera egin dutela esan daiteke, batez ere DBHn, non 10 ikasletik 6k euskaraz egiten duten (beti ere, eskolaz kanpoko erabilerari buruz ari gara). Hala ere, uste dugu asko dagoela oraindik hobetzeko, gainera 1. eta 2. mailetatik 3. eta 4. mailara asko jeisten da erabilera.
Aurten kezkagarriak izan dira LHkoen emaitzak, batez ere 3. ziklokoak (5. eta 6. mailak). Inoiz gertatzen ez den zerbait gertatu da: hauen erabilera DBHkoena baino baxuagoa da, ikasleen ia erdiak gazteleraz egiten du maila hauetan. Beste alde batetik, urtero eta maila guztietan errepikatzen den datu bat ere agertu da, oraingoan nabarmen gainera: neskek mutilek baino euskara gehiago egiten dute.
“Kirolean, musikan, sare sozialetan eta horrelakoetan guretzako erreferenteak direnak ez dira euskaldunak kasu askotan”
Gero, emaitza hauen hausnarketa egin duzue geletan bertan ikasleekin, nola burutu dituzue saio horiek?
LH5. mailatik DBH4. mailaraino gela guztietara joan gara Euskara Taldeko 2 kide, emaitzak aurkeztu dizkiegu lehenengo eta ondoren galdera hauek bota diegu:
Zergaitik gertatzen da hau? Zerbait egin dezakegu? Zerbait egin nahi dugu?
Talde txikietan galdera hauen inguruan hausnartu eta gero talde handira eraman eta sortutako ideiak jasotzen saiatu gara.
Eta nola sentitu zarete gela baten aurrean irakasle papera egiten?
Egia da batzuetan ez dela izan erraza ikasleen arreta lortzea, baina gehienetan saioak ondo joan dira, interesa azaldu dute eta hainbat ideia jaso ahal izan ditugu. Dena dela, esan beharra dago, gu bertan geundela saioak burutzen, talderen bateko ikasle batzuk gazteleraz ere aritu izan direla.
Zer ondorio atera dituzue hausnarketa horietatik?
Salbuespen bat edo beste, orokorrean badago euskararen aldeko jarrera bat, baina erreferenteen kontua aipatzen da behin baino gehiago, hau da, kirolean, musikan, sare sozialetan eta horrelakoetan guretzako erreferenteak direnak ez dira euskaldunak kasu askotan. Beste alde batetik, derrigortasuna eta ikastolagaz lotzearena ere aipatzen da, horrek askotan kontrako jarrera bat ekartzen du.
DBHko nagusienek ere aipatzen dute ikastola badela irla moduko bat eta beste harreman batzuk hasten dituztenean askotan gazteleragaz lotutakoak izaten direla. Hortik etorri daiteke, beraz, hobekuntzarako aukera: erreferente euskaldunak topatu eta derrigortasun hortatik, nolabait ere, aldendu.