David Cobos atxondoarra da Elorrioko ikastolako zuzendaria. Txintxirri ikastolari zegokion, 2020ko Ibiladia antolatzea eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eraikin berria zuten amets. Ez da posible izango, baina ez dute Ibilaldia agurtu barik utziko.
Ibilaldirik bako Ibilaldi urtea.
Pena da, bai. Pentsa noiz hasi ginen Ibilaldia antolatzen eta aurreko lan guztiak egiten! Familiak, langileak… Maiatzean egitekoak ginen eta martxoan etorri zena etorri zen. Etena egin eta urrira begira hasi ginen lanean, baina ez da posible izan. Horrek frustrazio puntu bat ere sortzen du. Edozelan ere, ez dugu besterik barik joaten utziko gure Ibilaldiaren urtea eta datorren asterako hainbat ekintza antolatu ditugu (behean programazioa).
“Bizkaiko ikastoletako kideei elkartasunerako deia egin diegu elkartasun kamiseten ekimenarekin”
Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eraikina zen Ibilaldiari lotuta zenuten proiektua.
Eta bistan denez ez dugu Ibiladiko diruekin finantziatuko. Kontuak parratzen baditugu ez da gutxi izango! Baina proiektua hor dago eta, oraindik zelan ez badakigu ere, egin, egingo dugu. Alperrik jarriko gara dramatiko ze, jakitun gara ez garela, inondik ere, pandemiak kaltetutako bakarrak. Horregatik, Bizkaiko ikastoletako kideei elkartasunerako deia egin diegu elkartasun kamiseten ekimenarekin eta espero dugu erantzuna izatea. Gainontzean, Txintxirri ikastolan ez gaitu lanak kikilduko.
“Gure kasuan latza bada, pentsa zer esan gura duen Iparraldeko edo Nafarroako ikastolentzat jairik barik geratzeak!”
Ibilaldiari berari ere beste zentzu bat eman gura zenioten aurten.
Bai. Irakurketa nahiko orokorra da Ibiladiak eta herrialdeetako gainerako jaiak, zelanbait, edukiz bete behar ditugula berriz eta geure arteko elkartasun sare bat osatu. Txintxirriko ikaslea nintzeneko garaiak datozkit gogora. Kamiseta modelo bakarra ateratzen zen Ibilaldirako baina guztiok geneukan bat, gurasoak txandak egitera edo laguntzera joaten ziren… Hori galduz joan da. Eta gure kasuan latza bada, pentsa zer esan gura duen Iparraldeko edo Nafarroako ikastolentzat jairik barik geratzeak! Oinarrizko funtzionamendurako premia ekonomikoez ari gara. Uste dut ikuspegi hori azpimarratu eta indartu egin behar dugula ikastola guztion artean.
Zein da Txintxirri ikastolaren gaur egungo egoera?
270 ikasle ditugu eta iaztik DBHko maila guztietan kontzertazioa lortu dugu. Bataz beste 17-18 ikasle ditugu ikasgelako eta ez da badaezpadako kopurua. Beraz, alde horretatik irakurketa positiboa da.
Orain, aurrera begira, eta jaiota-tasari erreparatuta, badaude kezkatzeko arrazoiak. Elorrion, 7000 biztanleko herri batean, hiru ikastetxe gara eta jaiotze-tasaren gora-beherak herri handietan baino nabarmenagoak dira. Zorionez, historikoki, Atxondotik era badatorkigu jendea. Elgetatik ere etorri izan da, Abadiñotik, baita Durangotik ere.
Kurutziagatik onena opa dizuegu Ibilaldirik bako Ibilaldi urte honetan eta geure alea jartzen saiatuko gara kamiseta solidarioen bitartez.
Estimatua dago. Gure aldetik ez dugu alaitasun hori galdu gura. Eta ez ahaztu guztiok gonbidatuta zaudetela Ibilaldiaren agurreko ekitaldietan parte hartzera.
Oh: Ibilaldiaren agur ekitaldian parte hartzeko izena eman behar da hemen.