[BIDEOA] Eguzki plakak martxan daude Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletan: “Filosofia bateratu batean gauzatu dugu obra”

Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolok apustu handi bategaz ekin diogu ikasturteari. Udan lanean aritu gara eguzki-energiari probetxua ateratzeko asmoz eguzki plakak jartzen gure eraikinetako teilatuetan.

Bide horretan ezinbesteko lagun izan da Goiener, irabazi asmorik bako kooperatiba, zeinetan ikastolak bazkide diren. Xabier Loyarte Goienerreko kideak Ibaizabal Ikastolako berdegunean dagoen antzinako turbina bat begiz jota izan du.  Bertan batu dugu Urko Rodriguez Kurutziagako zuzendariagaz eta Iker Gomez de Segura Ibaizabaleko zuzendariagaz.

IDATZITA

Urko Rodriguez: Kurutziagako proiektuaren abiapuntua guraso batzuekin egindako bilera izan zen. Talde horren proposamen bat jaso genuen, energia berriztagarrien gaiarekin sentsibilizatuta dago talde hori. Ideia horregaz batera, Goiener agertu zen. Hori 2021eko udan izan zen. Ez genuen lortu uda horretan bertan burutzea, baina joan den ikasturtean uda honetan, guraso-taldearekin eta Zuzendaritza Batzordearekin batera, itxura hartu duen lan-urtea bezala hartu genuen. Egia da proiektua krisi energetiko baten erdian egin dela, baina guk ikastolen iraunkortasunaren aldeko ahalegin gisa ikusten dugu. Erantzukizun bat dugula uste dugu, eta horri erantzun nahi diogu.

Xabier Loyarte: Urkok zioenaren harira, energia-krisi honetan ere kontuan izan behar dugu munduan dagoen joko geopolitikoa. Orduan, joko horretan zegoen ohiko merkatu “merke” horretatik kanpo gaude. Plaka fotoboltaikoen bidea energiaren demokratizazioaren bidea da.

Iker Gómez de Segura: Ibaizabalen lau faktorek erabaki dute apustu hori egitea: autokontsumoa eta energia propioaren sorrera; ekainean, kontsumitzeko orduan eraginkorragoak izaten lagundu zuten doikuntza batzuk egin genituen, eta proiektu honek horretan laguntzen du; kontsumoaren murrizketak, aurreko puntuen ondorioa delarik; eta, azkenik, etorkizunean energia-gastuetan eragingo duen aurrezpen ekonomikoaren puntua dago.

X: Autokontsumorako instalazio fotoboltaikoen bidez, bi ikastolek aurreztuko dutena kontsumoaren eta sortutako energiaren araberakoa izango da. Kurutziagak 54kW-ko maximoa du, Ibaizabalek 50kW-koa gutxi gorabehera, eta, oro har, kontsumitzen duten energiaren herenean ibiliko dira: Kurutziagak % 25 inguru aurreztuko du, eta Ibaizabalek % 33 inguru.

I: Balio eta ideia asko ikastolen nortasunaren parte dira berauek sortu zirenetik, eta gaur egun ere filosofia horregaz jarraitzen dugu. Eta jasangarritasuna oso garrantzitsua da guretzat.

U: Gure estrategia modu bateratuan kokatzen da, Ibaizabal eta Kurutziagaren artean. Jendeak horrela ulertzea gura dugu. Eta beste faktore garrantzitsu bat da proiektu hau Goienerregaz gauzatu dugula, irabazi asmorik bako erakundea gainera, eta filosofia bateratu batean gauzatu dugu obra hau.

X: Lan pedagogikoan oso interesgarria da ikasleen hezkuntzan eta ikuspuntuan energia berriztagarriak gehitzea. Ez bakarrik energia berriztagarriei buruz ikasiko dutelako, baita etorkizuna eraikiko dutelako eta energia berriztagarrien filosofia txertatuta izango dutelako ere.