Badator Gaba Baltza Euskal Herrira. Urriaren 31tik azaroaren 1erako gaua berezia izango da. Jai horrek euskaldunok ospatu izan dugun tradizio bat berrasmatzea du helburu, euskara, komunitatea eta ez-kontsumismoa ardatz hartuta. Durangoko Hezkuntza Foroan hainbat eragilek elkarlanean gaia landu ostean, aurten lehenengo biderrez Durangoko Gaba Baltza antolatzeko erabakia hartu genuen.
Kurutziaga Ikastolako komunitateak parte aktiboa izan gura du ospakizun honetan, horretarako familien lankidetza eskatu gura dugu: Nola? Batetik, egun horretarako mozorroak sortzeko etxeko arropa eta trapu zaharrak ikastolara ekarriz (idazkaritzan astelehenetik aurrera egongo den kutxan utzita). Eta bestetik, urriaren 31n bertan, 16:30ean ikastolako jantokian egingo dugun mozorro tailerrean parte hartuz. Eta gero, zuzenean Tabiratik 19:30ean aterako den herri-kalejiran parte hartuz. Umeek ikastolan ikasiko dute espreski egun honetarako sortu den eskerako kantua, gurasook ere ikas dezagun. Lotura, HEMEN.
Gaba Baltzaren inguruan berba egiteko, Jaione Fernandez de Retana Kriskitin dantza taldeko kidea, Gorka Madrazo Karrika Antzerki taldeko kidea eta Martxel Zubia Berbaro euskara elkarteko kidea batu ditugu.
Lehen aldiz antolatuko da Gaba Baltza formatu berri honetan. Zenbateraino da garrantzitsua elkarte ugari batzea jai berean elkarregaz lan egiteko?
Martxel Zubia: Denok egiten dugu lan herrira begira, guretik, baina gutxitan suertatzen dira elkarlanean aritzeko proiektuak eta Gaba Baltzak hori ekarri du. Durangoko Hezkuntza Foroari esker herriko elkarte eta ikastetxe ugari bildu ginen 2021ean eta Durangok bere Gaba Baltza izan behar zuela ondorioztatu zen. Herriak dituen erronkei herri moduan erantzuteko modu bat da azkenean, horregatik da garrantzitsua.
Jaione Fernandez de Retana: Finean, herri bat garelako, eta bakoitzak bere aldetik lan eginez gero, herri izatearen zentzua galduko genukeelako. Eta Durangok komunitate sentimentu hori behar du, zubiak eraiki elkarteon artean. Orain esfortzu bat izango dena, etorkizunean sinergia bat izan dadin egin behar dugu lan. Badakigu bakoitzak bere aldetik lan eginez gero askoz zailagoa izango dela.
Gorka Madrazo: Uste dugu hori dela ospakizunaren alderik politena. Eragile desberdinak ekimen baten bueltan elkartu eta gozatzea, euskaratik eta euskaraz.
Durangon bizi den beste egun berezietako bat bilakatzen ari da Gaba Baltza. Zer du berezia egun horrek?
J.F.: Niretzat nire sustraietara bueltatzea da. Bada egun bat apurka-apurka ezagutzen joan naizena. Alde batetik egunaren inguruko informazio bitxi bat iristen zaizu, bestetik Marisa Barrenagaz, Oier Araolazaga, Pili Alberdigaz… egoten zara eta horren inguruan hamaika kontu kontatzen dizkizute… eta horrek barruan zerbait piztu dit, nire jatorria, nire lurra, nire ingurua nondik datorren jakiteko jakingura. Uste dut niri, eta ni bezala Durangori, egunari eta jai honi buruz gehiago jakiteko gogoak piztu zaizkigula eta aurtengoa abiapuntu bat da.
M.Z.: Hildakoak komunitatean oroitzeko eguna da, egun hau, gau hau, magiko bihurtuz. Gainera, berrasmatzen ari den ospakizun bat da, dena dago sortzeke, edonor izan daiteke antolatzaile, parte hartzaile… Gero eta gehiago dira modu batera edo bestela egun hau ospatzen dutenak: eskolak, tabernak, elkarteak… Horrek ere eguna berezi egiten duela esan daiteke.
G.M.: Behin mozorroak jantzi eta aurpegiak margotuta, performace-a bakar bakarrik etorriko da… Gogotsu gaude aurten estreinekoz aurrera eramango den egun berezi hau ospatzeko.
Zeintzuk dira Gaba Baltzaren helburuak?
M.Z.: Euskal Herrian betidanik existitu den ospakizun bat da, nahiz eta askok Halloweenetik sortu dela pentsatu. Horregatik ezinbestekoa da, horren errotuta dagoen ospakizun hau gure baloreetatik ospatzea. Tokian tokiko festa, bere izaera izatea, euskaraz birsortzea eta ospatzea eta herriaren parte hartzea bermatzea komunitatea eraikiz.
Zer diferentzia dago Halloweenen eta Gaba Baltzaren artean?
M.Z.: Diferentzia baloreetan dagoela esan daiteke, gurea den gauza bat azpitik gora sortua. Euskara, berdintasuna, jasangarria, kontsumotik aldendua, herriaren parte-hartzea, gure antzinako errituekin lotura… Ezaugarri edo balore hauek egiten ditu desbedin Halloween eta Gaba Baltza. Urte askotan ospatu dena atzerritik ekarritako ospakizun bat izan da, gurea ez dena, eta hori alde batera utzi eta gurea berrasmatzea egin du Gaba Baltzak.
J.F.: Jendeak uste du Halloweenetik datorrela. Baina, konturatzen bagara, duela denbora askotik mundu osoan ospatu izan da jai hau, eta sare sozialak ez zeuden garaian, beste herrialdeetan gertatzen zenaz ohartzen ez ginen garaian, konturatzen gara arropak eta ospatzeko moduak oso antzekoak direla.
Ikuskizun bat eskainiko duzue Gaba Baltzean. Beldurra emango digu?
G.M.: Bai, noski. Kriskitinegaz batera Andra Mariko elizpean Gaba Baltzean oinarritutako antzezpen bat egingo dugu, eta tematikari lotua izango da, beldurrezkoa, edo tentsio pixkat eragingo duena. Berbaroren eske kanta hartu dugu oinarri. Musikagaz eta iluntasunean, Heriogaz batera, arimak aterako dira dantzara.