Ikastolan, aspalditik, azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, tratu onen aldeko aldarrikapena egin izan dugu. Eta oraingoan ere hortara goaz! Azken urteotan, mugimendu feministari esker, aurrerapauso nabariak eman dira indarkeria matxistaren inguruan. Eta guk ere, ikastola komunitatea osatzen dugunok, hezkidetzaren lanketan eta indarkeria matxistaren prebentzioan ekiten jarraituko dugu. Tamalez, aldaketak gauzatzen ari diren arren, oraindik bide luzea dugu egiteke.
Euskal Herrian bezala, gure herrian ere generoen arteko desoreka zein indarkeria matxista agerikoak dira eta hezkuntza-komunitatea ez dago horretatik salbu. Bizikidetza eta hezkidetza planak ditugu eta zintzotasunez eta konpromisoz betetzen saiatzen gara. Baina gure ikasleen garapen integrala lortzeko bidean, genero-estereotipoak ezarritako mugak eta jokabide sexistak gainditzea denon konpromezua izan behar du. Etxetik hasi, ikastolan jarraitu eta herrira zabalduz.
Aurtengoan, eguna bera barikua izango da, eta gu geletan gaia lantzen hasiak gara. Ikasturte honetan, iazko ildoari jarraituz, tratu onak lantzen gabiltza. Astebetez, Lehen Hezkuntzako ikasleek besteengandik jasotako berba politak zein laguntza neurtu beharko dituzte. Horretarako, MAITAMETROA izeneko neurketarako hormairudia erabiliko dute. Eta erronka horien emaitzak, hots, tratu onen murala, harmailetako kristaleran ikusgai izango duzue.
HHn ere, geletan hainbat bideo ikusi edota ipuinak irakurriko dituzte, tratu onen inguruko lanketa eginez. DBHko talde feministak, iaz bezala, beldur barik lehiaketan parte hartuko du. Horrez gain, Gizarte-Social Science ikasgaietan indarkeria matxistari lotutako datu eta errealitateak landuko dituzte.
Bestalde, bihar, barikua, zuen seme-alabak kamiseta edota jertse morez jantzita etor daitezela eskatu gura dizuegu. HHko ikasleak, goizean, harmailetara aterako dira eta Kantu Koloreren “Nire gorputza da” abestia dantzatuko dute. DBHko eta LHko ikasleak, 14:30ean harmailetara aterako dira eta Yogurina Borovaren “Eraso sexistarik ez” kantagaz dantzatuko dute.
Kurutziagako Talde Feminista lan handia egiten ari da eta guk ere, ikastola-komunitatea osatzen dogunok, haien lana hauspotu eta haiekin batera ekitera goaz. Garrantzitsua da gure gazteak saretzea eta harreman osaguntsuak indartzea.
Gora borroka feminista!