Kurutziaga Ikastolak eta Dendak Bai merkatarien elkarteak elkarrekin egingo dugun Gabonetako Zozketa dela-eta, Alex Palacios Dendak Bai elkarteko presidentearekin izan gara. 175 komertzio txiki biltzen ditu elkarteak, Durango eta Iurretakoak nagusiki, baina Durangaldera begiratzen duen elkartea da, izatez. Bistakoa denez, azkeneko hilabeteak ez dira elkartea osatzen duten komertzioentzako onenak izan.
Zelan hartu zenuten Kurutziaga Ikastolatik Gabonetako Zozketa egiteko proposamena?
Egia esateko, harritu egin gintuen. Onerako harritu ere. Lehenengo aldia da ikastetxe batek halako proposamena egiten diguna eta ulertzen dugu azkeneko hilabeteotan gertatuak zelanbaiteko kontzientzia pizte bat ekarri duela baita tokiko merkataritzari begiratzeko orduan ere. Laguntza guztiak ondo etorriak dira eta estimatzen dugu Kurutziaga Ikastolaren ekimena, herrian esanguratsua den eragilea den aldetik.
“Laguntza guztiak ondo etorriak dira eta estimatzen dugu Kurutziaga Ikastolaren ekimena, herrian esanguratsua den eragilea den aldetik”
Laguntza guztiak ondo etorriak direla diozu. Izan ere, zein da pandemiak martxoaz geroztik tokiko merkataritzan eragin duen egoeraz egiten duzuen irakurketa?
Gure elkartean batzen garen komertzioek oso errealitate ezberdinak bizi ditugu. Edozelan ere, martxoko eta apirileko konfinamendu gogorrean, janari-dendak edo elikagaiekin loturarik zutenak izan ezik, besteok ezereza izan genuen: gastuak gora eta sarrerak zero.
Bestalde, bitxia izan da, elikadurari lotuta, zelan jende asko hilabete horietan ohartu zen etxepean, edo etxetik gertu, denda bat, harategi bat, arraindegi bat zuela…
Konfinamendua altxatu zenetik igarri da jendeak bestela baloratzen duela tokiko merkataritza?
Neurri batean baietz esango nuke. Astiro baina pixka bat errekuperatzen hasi ginen eta, beharbada, lehenago gure bezeroa ez zen jende bat ere etortzen hasi da aipatu dugun kontzientzia horregatik.
“Ostalaritzak domino efektua eragiten du merkataritzan. Jendea kalean ez badabil, ez ditu eskaparateak begiratzen eta ez du erosten”
Azken asteotan ostalaritza itxita dago. Horrek izan al du eraginik?
Ostalaritzak domino efektua eragiten du merkataritzan. Jendea kalean ez badabil, ez ditu eskaparateak begiratzen eta ez du erosten. Eragina oso nabarmena da. Azken asteotan 18,30eattik aurrera ez dabil inor kalean.
Gabonak ere gainean daude.
Gabonak oso garrantzitsuak dira komertzio askorentzat. Kontuan hartu badirela urteko fakturazioaren %40 inguru data horietan egiten dutenak. Beste mota bateko komertzioetan ez da horrela baina hainbatetan bai.
Zer mezu bidaliko zenioke jendeari eta hau irakurriko duten Kurutziagako komunitateko kideei?
Kontzientzia hartu dezatela tokiko merkatarizan dihardutenak euren auzokideak direla, gure seme-alaben ikaskideen gurasoak, lagunak… Burutik kendu behar dugu tokiko komertzioa “garestiagoa” delako mito hori. Eta horretarako ez dago hurbildu eta ezagutzea baino modu hoberik.