Alex Ortuzar Irazola (Abadiño, 1975)
Alex Ortuzar da irailaz geroztik, Artezkaritza Kontseiluak hala izendatuta, Kurutziaga Ikastolako presidente berria. Hirugarren urtea du aurtengoa Artezkaritza Batzordean eta gogotsu heldu dio ardurari abadiñarrak.
Ikasturte berriarekin batera, ikastolako gurasoen parte-hartzea sustatzea jarri duzue lehentasunen artean.
Halaxe da, bai. Datozen bost urteotarako iaz adostu eta onartu genuen Plan Estrategikoan beren-beregi aipatzen den puntuetako bat da. Ekainean egindako Batzar Nagusian ere aho batez onartu zen gurasoen parte-hartzea bultzatzea eta bermatzea izango zela helburuetako bat.
“Maila bakoitzak gurasoen ordezkari bat izan dezala gura dugu ikastolako organo ezberdinen artean loturak eta komunikazioa errazagoa izan daitezen”
Zeintzuk dira parte-hartze horren helburuak?
Bi helburu nagusi zehaztuko nituzke. Lehenengoa orokorra: ikastolaren bizitza komunitarioa indartu eta antolatzen diren ekintzetan familiek zuzenean esku hartzea.
Bigarrena antolakuntzarekin lotuago dago: maila bakoitzak gurasoen ordezkari bat izan dezala gura dugu ikastolako organo ezberdinen artean loturak eta komunikazioa errazagoa izan daitezen.
Zelan aukeratuko dira ikasgelako guraso ordezkariak?
Ikasturte hasierarekin egingo diren batzar pedagogikoetan azalduko dugu zehatz-mehatz baina asmoa ondorengoa da: imaila bakoitzak bere guraso ordezkaria hauta dezala. Boluntarioak eskatuko dira, eta agertuko ez balira, zozketa bidez ebatziko litzateke nor izango den. Ardura urtebeterako izango da.
“Boluntarioak eskatuko dira, eta agertuko ez balira, zozketa bidez ebatziko litzateke nor izango den.”
Zeintzuk izango dira Guraso Ordezkarien zereginak?
Batetik, ikastolatik proposatzen diren eskolaz kanpoko ekintza ezberdinen antolaketan familiek parte hartu dezaten laguntzea.
Bestetik, ikastolaren funtzionamenduan eragina duten gaiak aztertzeko Artezkaritza Kontseiluak edo Zuzendaritzak bideratutako lan-taldeetan parte hartzea.
Eta azkenik, ikasgelako gurasoen bozeramaile izatea: iradokizunak, proposamenak, kexak… bideratzeko Izan Artezkaritza Kontseiluari, Eskola Kontseiluari, edo Zuzendaritzari.
“Kezka kolektiboagoak batzeko eta lantzeko plataforma legez ikusten dugu.”
Argi utzi gura duzue ez dela gure seme alaben eskola ibilbidea eta garapen pertsonalari buruzko kasu partikularrak bideratzeko ordezkaritza bat.
Bai. Gure seme-alaben garapenari buruzko kontuetarako gurasoek tutorearekin dituzten batzarrak daude. Proposatzen duguna ez da norbere seme-alaben gaineko kezkak bideratzeko ordezkaritza bat. Kezka kolektiboagoak batzeko eta lantzeko plataforma legez ikusten dugu. Ez baita erabaki organo bat. Horretarako ikastolak baditu bereak: Artezkaritza Kontseilua, Zuzendaritza edo Eskola Kontseilua.
Ikasturte hasierako mailakako batzar pedagogikoetan emango dituzue azalpenak, beraz.
Halaxe da, bai. Batzarretan Zuzendaritzako eta Artezkaritzako kide bana egongo dira guzti honen gaineko azalpenak eman eta zalantzak argitzeko.