Zapatuan Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatuko dute Iurretan

Euskararen lurralde osoko hamabi gazte ariko dira kantuan Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.

Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre dira 34.Euskal Herriko Eskolartekoan ariko diren parte-hartzaile gazteak. Oholtza gainean izango da txapela lortzeko nahirik, baina batez ere elkarrekin bertsoaz gozatzea eta ikasturtea jai giroan biribiltzea izango da asmoa. Saioaren ondotik, mokadua eskainiko da han bertan.

Larunbatean izango da hitzordua: ekainaren 18an, 11:30ean, Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da www.bertsosarrerak.eus atarian.

Unai Iturriaga bertsolari durangarrak jantziko dio txapela irabazleari.

14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du Eskolartekoak helburu.

Zorte on, guztioi!