“Txotxe” Zunda meteorologikoa askatuko dute zapatuan Kurutziagan

DBH4ko sei ikaslek, zientzietako irakasleek, ikastolako informatikariak eta irratiafizionatu batek osatutako zientzia-taldeak zunda meteorologiko bat askatuko du zapatuan ikastolan. Txotxe izena eman diote zundari ikastolako irakasle izan zena gogoan.

Aurtengo ikasturtean modu boluntarioan osatutako proiektua da zunda meteorologikoarena. Sei ikaslek aurkeztu zuten euren burua eta eskola orduz kanpo, eguerdietan landu dute.

Aurreikusi dutena betetzen baldin bada, helioz puztutako globo batek estratosferara, 30.000 metrotako altuerara igoko du zunda. Zundaren barruan, bere kokapena jarraitzeko GPS APRS telemetria gailu bat eta presioa, tenperatura eta hezetasuna neurtzeko Datalogger aparailu bat daramatza. Hori gutxi ez eta egingo duen bidaia irudiz jasotzeko hiru kamera ere eroango ditu zunda meteorologikoak.

Aireratzeko beharrezkoak diren baimenak lortuta (Espainiako sustapen ministeritzan), zapatu honetan, goizeko 11:00etan askatuko dute Kurutziagako Harmailetatik okerrik ezean.

Jakinmina duen guztia bertara hurbiltzeko gonbitea egin dute taldekideek.