Zubi bi su: ikasturte bateko lanaren emaitza asteburuan San Agustinen

DBH 2ko ikasleak jo eta su ari dira Zubi bi su antzezlanaren prestaketan. Bariku honetan (maiatzak 18) 22:00etan eta, zapatuan (maiatzak 19) eskainiko dute San Agustin Kulturgunean. Ikasturte osoko lana dago atzean eta orain, azkeneko estutuaren eta urduritasunen garaia da. Miren Erdoiza, Kurutziagako antzerkigintza proiektuaren arduradunarekin hitz egin dugu asteburuko estreinaldiaz.

Estreinaldiaren aurreko egun eta orduak dira. Zer giro duzue taldean?

Ona. Asteazkenetik gehiago San Agustin Kulturgunean ari gara lanean eta taldea ondo erantzuten ari da. Batzuk besteek baino urduritasun gehiagoz bizi dute egoera baina giroa, bere tentsio puntuarekin, oso ona da.

Zubi bi su da obraren izena. Zeren gainean dihardu?

Txotxek 1998an idatzitako obra bat da, Zubigizakiak zuen izena. Kurutziagako ikasleek antzeztu zuten lehenik, eta gero, baita Karrika Antzerki Taldeak ere. Aurtengo ekitaldirako obra egokitu egin dugu eta baita izena ere, Zubi bi su.

2233. urtean dago kokatuta antzezlana. Arrazolako familia baten istorioa da. Garai horretan lurraren iparraldea izozten ari da eta iparraldekoek hegoaldera migratu behar dute. Migrazio horretan harresiak aurkitu beharrean zubiak aurkitzen dituzte. Hortik dator jatorrizko Zubigizakiak izena.

Ikasturte osoa daroazue antzezlanarekin. Zelakoa izan da sortze eta eraikitze prozesua?

Beharbada Txotxeren eskolakoa naizelako, argi neukan ezertan hasi aurretik obra kontestualizatu egin behar zela. Pertsonaiekin sartu aurretik lan batzuk egin genituen munduan dauden harresiei buruz, migrazioei buruz… Horretarako, filmak, kantak eta danatariko baliabideak erabili genituen. Gero etorri zen ikasleei gidoia banatzea eta dramaturgiak, koreografioak, eszenografia eta abarrak lantzen hastea.

(Argazkian: Amaia Jaio, Idoia Sopelana eta Miren Erdoiza)

Lan horretan ez zara bakarrik ari.

Ez horixe! Amaia Jaio (musikako irakaslea) arduratzen da koreografiez eta musikaren alorraz. Idoia Sopelana (Arteak) eszenografiaz eta baliabide bisualez arduratzen da eta ni dramaturgiaz.

Zelan doa sarrera salmenta?

Uste dut barikurako ia gehiena salduta dagoela, goiko aldean geratuko da zerbait, beharbada. Zapaturako esango nuke geratzen dela oraindik lekurik. Beraz, animatu eta etorri ikustera gure gazteek egin duten ahaleginak merezi du-eta!