Urriaren 14ko Berria egunkarian irakurri genuen albiste hau eta zuentzat interesgarria izango delakoan bertara ekarri dugu.
Koreografia ustez sinpleek eta mundu mailako challenge-ak batu dituzte planetaren punta batean edo bestean dauden erabiltzaileak. Tiktokeko 15 eta 60 segundo arteko bideo labur horiek Interneten jabe bilakatu dira, hilean 800 milioi erabiltzailetik gora lortzeraino. Aplikazioaren erabiltzaile gehienak nerabeak eta gazteak dira; %41ek 16 eta 24 urte bitartean dituzte. Bere arrakastaren zergatiaz galdetzean, «komunikatzeko bide berri eta eskuragarri»bihurtu izana azpimarratu du Itsaso Cañada Lahia Nahia elkarteko psikologo eta sexu hezitzaileak.
Konfinamendu garaian helduen artean ere arrakasta izatea lortu badu ere, 13 urtetik gorakoentzat da erraldoi txinatarra, eta, hain zuzen ere, adin horren bueltan —lehenago, kasu askotan— hasten dira izena ematen. Erabiltzaileen adina ez da kontuan hartu beharreko datu bakarra. Munduko datu orokorrik ez dagoen arren, eta salbuespenak salbuespen, Tiktokeko erabiltzaile gehienak emakumezkoak dira, eta, Cañadaren arabera, hori ez da kasualitatea; «Emakumeoi erakutsi digute gure helburua dela ederrak egotea besteak erakartzeko. Hau, azken finean, erakusleiho bat da». Emakumezkoek eta gizonezkoek aplikazioan, eta sare sozialetan oro har, duten portaera oso desberdina dela gehitu du psikologoak: «Neskak, batez ere, agertzen dira beraien burua edo gorputza erakusten, eta mutilak askoz gehiago agertzen dira ekintzak egiten; dela portuan salto bat egiten, dela bizikletan ibiltzen».
Albistea irakurtzen jarraitzeko klikatu hemen.