TANTA: ikastolen proiektua bultzatzeko ekimena

Euskal Herriko ikastolei beren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko TANTA egitasmoa aurkeztu dute Ikastolen Elkarteko eta ikastolen aldeko jaietako ordezkariek, gaur, Ikastolen Etxean egin duten agerraldian. Abendutik aurrera martxan jarriko da ekimena.

Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da TANTA, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena. TANTA ekimenean txartel batzuk jarriko dira herritarren esku. Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote. TANTA txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.
TANTA egitasmoa ikastolen jaien ekimenez sortu da. Azaldu dutenez, jaiok finantzatzeko, egunean bertan eta urtean zehar diru sarrerak lortzeko bideak irekitzen dira (arropa salmenta, txosnak, tonbola, sarrerako kutxak, kultur eta kirol ikuskizunak…).  Baliabide horietako bat zozketa izan da. Jai bakoitzak bere zozketa antolatzen du; dirua, auto bat, bidaia bat… gauza desberdinak zotz egiten dituzte. Helburua bera izanik ­–jaien autofinantzaketa–, bost zozketa horiek egin beharrean, ikastolen jaiek elkartasun txartelak egitea erabaki dute, eta TANTA sortu dute.

TANTA abiatzeko aukeratu duten lehen pertsona Elbira Zipitria da. Irakasle, pedagogo, ikastolen sortzaile eta lehen ikastolen eta egungoen arteko zubi izan zen Zipitria, bai eta ikastoletako irakasleen irakasle ere, berak sortu zuen irakasle eskolaren bitartez. Frankismoaren urte gogorrenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuen, eta beraren bitartez txertatu zen ikastolen oinarrian euskarazko irakaskuntza aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko xedea.

Noiz eta nola

TANTA txartelak abendutik aurrera egongo dira eskuragarri ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan. Arestian aipatu bezala, bost euroren truke eskuratu ahal izango dira elkartasun txartel hauek.Bildutako elkartasunaren zati bat herritarrei itzultzeko, udaren hasierarekin bat egin nahi izan dute. Horregatik, 60.000 euroko sariaren zozketa ekainaren 25ean egingo dute, notario aurrean.